Abotsanitzek ez du apustu etxerik nahi Hondarribian

Ostegun honetan, ekainak 24, ohiko osoko bilkura burutuko da Hondarribiko udaletxeko areto nagusian. 18:00etan hasiko da eta, aspaldiko partez, modu presentzialean egingo da. Abotsanitz Udal Taldeak hiru mozio aurkeztu ditu bertan eztabaidatzeko.

Apustu etxeez
Lehen mozioa apustu etxeen ingurukoa da. Deustuko Unibertsitateak 2018an egindako inkesta baten arabera, EAEko 12 eta 22 urte bitarteko gazteen %30 inguruk dirua jokatzen dute; azken urteotako joera goranzkoa denez, egun kopuru hori inkestan jasotakoa baino handiagoa izango da ia ziur. Gainera, pandemia garaian establezimendu hauek itxita egon diren arren, gaia lantzen duten elkarteek online jokoaren hazkundea antzeman izan dute.

Mozioaren bidez, Hondarribia apustu etxerik gabeko hiria izatea proposatzen dugu, establezimendu horien balizko eskaerei ezetz esatea, eremu publikoetan apustu-etxeen publizitatea debekatzea, udal eraikinetan apustu edo joko-makinarik ez onartzea, eta Prebentzio Komunitarioko udal zerbitzuak gaiari buruzko sentsibilizazio kanpaina iraunkor bat prestatu dezala eskatzea.

Langileen formakuntza etengabeaz
Bigarren mozioak Giza Baliabideen Arrazionalizazio Programaren hasierako fasearen proposamenarekin du lotura, osoko bilkurako 10. puntuan eztabaidatuko dena. Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera toki-administrazioko funtzionarioek eskubidea dute lanpostuko edo beren lanbideko ezagutzak eta gaitasunak mantendu, eguneratu edo hobetzeko. Baina udal gobernuak proposatzen duen arrazionalizazio planean ez da eskubide hori aintzat hartzen. Horregatik, plan horretan etengabeko formakuntza plana jasotzea eskatzen dugu mozioaren bidez.

Elkarteek udal diru laguntzak jasotzeko zailtasunez
Herri eragileak arazo larriak izaten ari dira beraien ekimenak gauzatzeko, udaletik jasotzen dituzten diru-laguntzen prozeduran egiten zaizkien errekerimenduengatik. Baliabide asko bideratu behar izaten dituzte administrazioaren eskakizunetara egokitzeko, eta hori beraien jardunen kaltetan da. Eragileek herrigintza egiten dute, eta bide horretan Udala lagun izan behar dute, ez oztopo.

Aurkeztu dugun mozioaren bidez, herriko eragileen lan eskerga aitortzeaz gain, haien jardunean Udalak laguntzea proposatzen dugu. Nola egin dezake hori? Udalarenak diren baliabide humano, tekniko eta materialak herri eragileen esku jarriz; herri eragileek jasan ditzaketen karga administratiboak ahalik eta gehien murriztuz; eta proiektuak gauzatzeko udal teknikarien laguntza erraztuz.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta