Kreditu aldaketan bozkatuko da gaztelekuaren zaharberritzea aurten burutzeko aukera
Urteko lehen kreditu aldaketarako proposamenak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte gaur Hondarribiko Udalean, 18:00etatik aurrera egingo den pleno telematikoan.
Plenoa zuzenean jarraitu
Abotsanitz Udal Taldeak hamasei proposamen eramango ditu kreditu aldaketaren eztabaidara, eta horietako bat Saindua Gaztelekuaren obra burutzea izango da. 2018ko urrian itxi zuten gaztelekua, egituran pitzadurak antzeman eta gero. Ordutik, Puntaleko eskola zaharreko aretoetako batean ari dira zerbitzua eskaintzen baina, bistan da, aldea oso nabarmena da.
Udal gobernuak 2020ko ekainean esan zuen urte horretan egingo zuela obra, eta kreditu aldaketan onartu zen horretarako 500.000 euroko diru-partida. Baina gero ez zuen hitza bete.
Eta aurten, EAJk ez du gaztelekuko zaharberritzea aurreikusi ez 2021eko aurrekontuan, ezta lehen kreditu aldaketarako proposamenetan ere. Hori ikusita, Abotsanitz Udal Taldeak eramango du proposamena gaurko plenora. Izan ere, behin baino gehiagotan aldarrikatu du Abotsanitzek Sainduako obra lehentasun izan behar dela.