Abotsanitzek elefantea mugiarazi nahi du

Mugi Dezagun Elefantea!
‘Mugi Dezagun Elefantea!’ kanpainaren aurkezpen argazkia

Mugitu ezin den elefantea, hori da herritar gehienentzako Hondarribiko Udala. Herritarren eskaerak erantzuten ez dituen elefantea, urtetik urtera zehazten dituen helburuak betetzeko gai ez dena, langile taldea osatzeko imintziorik ere egiten ez duena, azpiegitura publikoen mantenuari beharrezko arreta jartzen ez diona, zerbitzu publikoetan gabezia ikaragarriak dituena, udaletxeko eta beste zenbait udal eraikinetako ateak itxita mantentzen dituena.

Mugi Dezagun Elefantea! kanpaina abiatu du Abotsanitz alderdiak. Datozen hilabeteetan, gauzak egin daitezkeela erakutsiko dugu: hirigintza garapen orekatu bat egin daitekeela, udal langile talde egonkor bat osatu daitekeela, herritarren eskaerak entzun eta erantzutea posiblea dela, proiektuak burutu daitezkeela, epe luzera estrategikoak izango diren inbertsioak martxan jar daitezkeela, hiri ekipamenduaren zaintza eta mantenu eraginkorraren bitartez mugikortasuna bermatu daitekeela, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituzten zerbitzu publikoak eskaini daitezkeela…

Arloz arlo proposamenak eginez, elefantea mugitu daitekeela erakutsiko dugu urtean zehar. Baina horretarako gauzak beste modu batera egin behar dira ezinbestean. Lehentasunak finkatuz, proiektuak planifikatuz, herritar, eragile eta alderdi politikoekin adostuz, udal teknikariekin beharrezko izapideak burutuz, eta, bukatzeko, exekutatuz.

Lehendabizi, etxebizitza

Etxebizitzaren arloa da hurrengo asteetan landuko duguna. Ertz asko dituen gaia da etxebizitzarena, eta ñabardura horiei guztiei erreparatu nahi diegu, herritar guztien beharrak asetzeko moduko proposamenak eginez, hau da, hondarribiarren behar desberdinak aintzat hartuko dituen etxebizitza politika aldarrikatuz.

Beste herri eta hirietan egiten dena Hondarribian ere egin daitekeela erakutsiko dugu. Hondarribian ere etxebizitza herritarren eskubidea delako.

Horregatik guztiagatik, Hondarribian bizi nahi dugulako, mugi dezagun elefantea!

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta