Jakoba Errekondo: “Zer egiten ari gara gure seme-alaben arnasa garbituko duten zuhaitzekin?”

Larunbat goizean Hondarribiko kimaketez hitz egin zuten Euskadi Irratian, Arantza Arzak zuzentzen duen ‘Landaberri’ saioan, Jakoba Errekondo agronomoak kolaboratzen duen tartean. Entzule baten mezuari erantzunez, azken asteetan egindako zuhaitzen kimaketa “Hondarribiko krimena” bezala izendatu zuen Errekondok. Entzun:

(audio osoa, albistearen bukaeran)

Arzak azaldu zuenez, entzuleak hainbat ezki eta magnolia kimatuen argazkiak bidali zituen, eta horien inguruko iritzia eman zuen Errekondok: “Nik uste hori egiteko justifikaziorik ez dagoela inoiz. Nik deituko nioke Hondarribiko krimena, astakeria bat da”. Adituaren hitzetan, kimatzerakoan euren forma errespetatzen ez bada, zauri larriak eragiten zaizkie zuhaitzei: “Ezin da zuhaitz bat hamar metrotan egon eta bat-batean bost metrora jaistea, ikaragarrizko astakeria da, hor sortzen diren zauriak”, are gehiago, “baldintza oso eskasetan irauten ari diren eremu urbanoetako zuhaitzetan”.

Bukatzeko, lan hauen arduradunei zuzendu zitzaien Errekondo, zuhaitz horiek “guztion ondarea” direla gogoraraziz: “Denon ondarea dira, eta horrekin lanean ari den jendeak ez dakit hori kontuan hartzen duen, zer egiten ari den bere alabak arnasean hartzen duen airea garbituko dion zuhaitz horri”. “Hasi beharko dugu kontuak eskatzen” esanez bukatu zuen Errekondok Hondarribiko kimaketei buruzko hizketaldia.

Entzun audioa:

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta