Presa-Damarri eta Zubieta lehenesteko eskatuko dugu osoko bilkuran

Abotsanitz Udal Taldeak arau subsidiarioei buruzko mozioa aurkeztu du aste honetako osoko bilkuran eztabaidatzeko. Plan orokorraren baliogabetzearen ondorioz, 1996ko abenduan onartutako arau subsidiarioak dira Hondarribian indarrean dauden hirigintza arauak, eta hala izango da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzen den arte.

Argi dago arau horiek zaharkituta daudela, eta ez dutela balio etorkizuneko hiria diseinatzeko. Baina bere garaian ez zirenez guztiz garatu, landu gabeko arlo horiei heltzeko eskatuko dugu aurkeztutako mozioaren bidez. Hain zuzen ere, Presa-Damarriko etxebizitza publikoen promozioak eta Zubieta Enpresa Parkea lehenestea eskatuko dugu.

Era berean, zaurgarritasun egoeran dauden hiriko eremuetan hirigintza ekintzak burutzeko proposatuko dugu. Mendeluko edota Alde Zaharreko plan bereziak bezalako asmo handiak nahitaez atzeratuko dira, baina horrek ez du esan nahi behar gehien dituzten auzoetako herritarren alde ezer egin ezin denik.

Plan berrirako adostasun beharra

Plan orokorraren baliogabetzearen ondoren, EAJren udal gobernuari zera eskatzen diogu: lanketa abiatu dezala gainontzeko udal taldeekin, Hondarribiko etorkizunaren oinarriak finkatuko dituen plan orokor berria garatzeko.

Iazko uztailean ahobatez onartu zen plan orokor berriaren lanketa abiatzea, alderdi guztien aldeko botoekin. Baina ordutik ez da bilera bakar bat egin alderdien artean. Burutu dezagun, bada, lanketa hori guztion artean, ez badugu bigarrenez harri berdinarekin topo egin nahi.

Beste mozio bat

Arau subsidiarioei buruzko mozioaz gain, beste mozio bat aurkeztu dugu osteguneko plenoari begira. Euskara ikasteko zailtasuna duten ikasleentzako Harrera programa martxan jartzeko eskakizuna da. Joan den urtean antzerako eskaera egin genuen Abotsanitz eta EH Bildu udal taldeek, baina ez da aurrerapausurik eman.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta