Gu bagina, dimisioa emango genuke, zalantzarik gabe

Abotsanitzen balorazioa HAPOaren behin betiko baliogabetzeaz

Lehenik eta behin, gaiaren kronologia bat egin nahiko genuke

  • 2003ean hasi zen plan orokorraren prozesua.
  • 14 urte geroago, 2017ko ekainaren 8an onartu zen, EAJren aldeko botoekin.
  • 2020ko maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen anulazio ebazpena iritsi zen, gero beste hiru etorri dira.
  • 2020ko uztailaren 23an lehen sententziari helegitea jartzea onartu zen, EAJren botoekin (gero beste hirurak etorriko ziren).
  • 2021eko otsailaren 12an Auzitegi Gorenaren inadmisioa iritsi da.

2017an denbora eskatu genuen, gure ustez akats formalak zeudelako. Eta forma akats horiei buruz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsulta egin ahal izateko denbora eskatu genuen. Denetarik esan ziguten, gezurretan ari ginela, manipulatzaileak ginela, herriaren kontra ari ginela, erotuta geundela.

Auzitegi Nagusiaren anulazioek eta Gorenak helegitea tramitera ez onartzeak, arrazoia eman digute. 2017an onartutako dokumentuak ez zituen betetzen legezko gutxienekoak, eta horrek plan orokor osoaren anulazioa dakar.

Anulazioaren ondorioak ikaragarriak dira

  • Epaitegi batek, legezkotasuna betetzen ez zuelako, bertan behera utzi behar izan du udalbatzaren erabaki politiko bat.
  • Erabaki honek, gainera, atzeraeraginkortasuna du; hau da, 2017tik izan dugun araudiak existitu ez balu bezela uzten du.
  • Aste honetako erabakiaren ondorioz, Hondarribian indarrean den tresna urbanistikoa 1996ko abenduan onartutako arau subsidiarioak dira.
  • 2003tik 2017ra egindako lan guztia, eta ordaindutako 800.000 euroak (gutxienez), horrek guztiak ez du ezertarako balio izan.
  • 2017tik aurrera baliogabetutako plan orokorrean oinarritutako erabaki urbanistikoak arautik kanpo geratzen dira: tanatorioa, hainbat auzoetan eraikitako etxeak, Zaldunborda, Madalenako Kuboko plangintza, Mugikortasun planeko zenbait ekintza, Mendeluko Plan Berezia, Alde Zaharrekoa, eta abar.
  • Horrek guztiak, herritar eta enpresa askori kalte ekonomikoak eta patrimonialak eragingo dizkie. Eta kalte horiengatik, Udalari kalteordainak eskatzea aurreikusi beharko litzateke.
  • Bukatzeko, ezin dugu aipatu gabe utzi prozesu honek Hondarribiko Udalari, erakunde bezala duen izenari, ekarri dion galera.

Ardurak eskatzeko ordua da, ekonomikoak eta politikoak

2017an abisatu genuen. Aurrera egiten duenak, ardura guztiz egiten duela aurrera esan genion alkateari, eta ondorioak daudenean, ondorio horien ardurak ezinbestean eskatuko genizkiola.

Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin aurrera ez jarraitzeko eskatu genion, eta helegite bakoitzarekin aurrera ez jarraitzeko eskatu diogu. Ez guk bakarrik, oposizioko talde guztiok.

Baina alkateak ez du oposizioaren eskaera bakarrik gutxietsi. Txominek ebazpen judizialak, eta ebazpen horiek oinarri zuten jurisprudentzia gutxietsi ditu. Adibidez, epaia neurri gabea zela esaten zuenean, edo planeamendu urbanistikoari ez ziola eragiten esaten zuenean, edo epaiak arrazoia ematen ziela esaten zuenean.

Eta herritarrei ez die egia esan, helegitearen bideak aukerak zituela esan die, plan orokorra indarrean zegoela esan die, plana garatzen jarraitu du, eta dozenaka familia kaltetu ditu horrek.

Txomin Sagarzazu alkatea eta EAJ dira gertatu denaren arduradun bakarrak, eta ardura ekonomikoak eta politikoak eskatzeko ordua da.

Ardura ekonomikoak, Plan orokorraren baliogabetzeak kalte patrimonialak eragingo dituelako, eta kalte horiek Txomin Sagarzazu alkateak eta bere alderdiak hartu behar dituzte bere gain.

Eta ardura politikoak… Ez gara gu erabakia hartu behar dugunak. Baina aurretik azaldutako guztiarengatik, gu bagina, dimisioa emango genuke, zalantzarik gabe.

Baina aurrera begiratzeko ordua ere bada

Batetik, hiriak baduelako hirigintza arau bat, 1996ko arau subsidiarioak, eta arau horiek baliatu behar ditugulako. Besteak beste, Damarri eta Presako etxebizitza publikoak eraikitzeko eta Zubietako jarduera ekonomikorako gunea diseinatzeko aukera ematen dutelako. Gainera, hirigintza taktikorako aukera ematen dute arau horiek, esaterako, behar gehien dituzten auzoak hobetzeko, hala nola, Mendelu edota Kosta.

Bestetik, Plan Orokor berria garatu behar delako. Eta plan orokorraren prozesuan etorkizuneko Hondarribia patxadaz diseinatzeko izango dugulako. Benetako parte hartzea sustatuko duen hiria; auzoen eta herritarren iritzia kontuan hartuko duena; hondarribiarrek bere hirian bizi eta lan egiteko aukera izango dutela bermatuko duena; herri kohesioaren aldeko apustua egingo duena; herri jasangarriago baten oinarriak finkatuko dituena…

Baina honetan ere udal gobernuarekiko kezka agertu behar dugu.

2020ko uztailean plan orokorraren prozesua abiatzea erabaki zen alderdi guztien botoekin. Oso larria da alkateak aste honetan esan izana plana garatzen ari direla, ez denean egin bilera bakar bat ere alderdien artean planaren oinarriak adosteko.

Are gehiago, baliogabetze sententziek esaten dutenari muzin eginez, hau ere esan du: HAPOaren oinarri direla aurretik garatutako oinarria eta lana, 2017ko ekainetik hartu dituzten erabakiak aplikatuko direla.

Hau da, batetik, inorekin kontsultatu gabe ari dira plan orokorra garatzen. Eta bestetik, legeak esaten duenaren eta epaitegiek berretsi dutenaren kontrakoa ari da egiten, Auzitegi Nagusiak, Gorenaren jurisprudentzia kontuan izanik, baliogabetzeak plan orokorraren osotasunari eragiten diola ebatzi zuelako.

2017an egin zuten gauza bera ari dira egiten.

Igor Enparan eta Aitzol Arroyo zinegotziak, gaur goizean

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta