Gaur goizean jakin izan dugu Auzitegi Gorenak ez duela tramitera onartu Hondarribiko Udalak plan orokorraren baliogabetzearen kontra jarritako lehen helegitea. Horrek behin betirako baliogabetzen du 2017ko udalbatza hartan EAJren botoekin bakarrik hartutako erabakia.
Gorenaren ebazpena aurreko ostiralekoa den arren, udal gobernuak ez digu honetaz informatu. Gaur bertan bozeramaileen batzordea izan dugu eta Txomin Sagarzazu alkateak ez digu ezer esan. Gero enteratu gara, kanpotik. Horrek erakusten du zein den udal gobernuaren gardentasuna, eta zer nolako udal gobernua dugun hondarribiarrok.
Bagenekien hau gertatuko zela. Abisatu genien 2017an plana bozkatu aurretik. Abisatu genien EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia hartu zuenean. Eta abisatu izan diegu helegite bakoitza jarri aurretik. Eta halere, irteerarik gabeko bidean aurrera jarraitu dute, paretaren kontra jo arte.
Ondorioez ohartarazi genien, eta ondorioak ikaragarrizkoak izango dira. Alkatearen eta EAJren burugogorkeriak XX mendera eraman gaitu atzera. Hamar urte baino gehiagoz egindako lana, 800.000 eurotik gorako kostua izan zuena, hori guztia galdu da EAJk ez duelako oposizioaren abisuak entzun nahi izan.
Gaur baieztatu da udal batek jaso dezakeen albisterik txarrena, eta Txomin Sagarzazu alkatea eta EAJ dira arduradun bakarrak.