Pasaia kalekoa ezin da gehiago atzeratu

Espaloiaren zabalera ez da metro batera iristen, eta zati batzuetan metro erdira ere ez

Auzoka Pasaia kalea
Espaloien zabalera ez da arazo bakarra, baita zoruaren egoera ere, besteak beste

Pasaia kaleko eta inguruko beste zenbait kaleetako irisgarritasuna hobetzeko proposamena egin dugu gaur Hondarribiko Udaleko Hirigintza departamentuan. Akartegi auzoaren zati handi batean dituzte irisgarritasun arazoak, baina Pasaia kalearena Hirigintza eta Arkitektura eskoletan aztertzeko modukoa da. Kale osoan (eta ez da laburra), espaloiaren zabalera ez da inoiz metro batera iristen, eta zati batzuetan metro erdira estutzen da. Ibiltzeko zailtasunik ez dutenek ere errepidea zapaldu behar izaten badute, nola ibiliko ote dira hain ongi moldatzen ez direnek? Esaterako, jende nagusiak, haurraren kotxea daramatenek, gurpildun aulkia behar dutenek…

Espaloien zabalera ez da arazo bakarra. Errepidearekiko espaloiaren altuera ere erabat neurriz kanpokoa da, baita zoruaren egoera ere, leku askotan altxatua… Izan ere, arazoa ez da berria, ezta azken hiruzpalau urteetakoa. Pasaia eta inguruko kaleetako auzotarrek urteak eta urteak daramatzate soluzio eske.

Horixe eskatu du gaur Abotsanitz Udal Taldeak Hirigintza departamentuan. Pasaia eta inguruko kaleetako irisgarritasun azterketa bat egin dezatela eta urjentziazko neurriak har ditzatela. Jakina, auzotarrekin hitz egiteko aukera balute, hobe!

Auzoka dinamikaren barruko eskaera

Abotsanitz Udal Taldeak urtarrilean hasi zuen Auzoka dinamikaren hirugarren fasea. Lehen fasea ekarpenak jasotzea izan zen, eta bigarrenean auzotarrekin bilerak egin genituen (pandemiak utzi zigun bitartean).

Aurrekontuen eztabaidan 116 proposamen aurkeztu genituen, horietako asko Auzoka dinamikan herritarrengandik jasotakoak, baina EAJren udal gobernuak denak atzera bota zituen. Orain, bigarren aukera bat emango diegun herritarrengandik jasotako proposamen horiei. Oraingoan astero eskaera bana egingo dugu, dagokion departamentuan, eta dagokion udal-partidari lotuaz. Pasaia kaleko irisgarritasunarena, Auzokaren hirugarren fase honetan erregistratu dugun bosgarren eskaera da.

Irakurri Auzoka dinamikari lotutako albisteak

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta