Udalak Zaldunbordako zabortegian izandako luizia ezkutatu du

Zaldunbordako zabortegia zigilatzeko-lanetan izandako luizi batek urtebete baino gehiagoz luzatu ahal izan den kutsadura eragin du Zokueta errekan. Horrela jasotzen da Ura, Uraren Euskal Agentziaren 2020ko abenduko MDO-G-2020-0002 ebazpenean. Idatzian azaltzen denez, 2020ko otsailean eskatu zion Urak Higertokiri lurirristatzeak direla eta Zaldunborda errekastoaren urjentziazko garbiketa lanak egiteko. Baina hamar hilabete geroago oraindik egoera zuzendu gabe zegoen: Zigilatze-lan horiek geldirik daude aspalditik, eta, irristatzeen ondorioz, errekaren ertza ezegonkor dago eta berezko izaera galdu du, eta errekan eragina izan dezaketen lixibiatuak daude.

Luizia 2019ko abenduaren erdialdean gertatu zen, Higertokik sustatutako merkataritza gunea eraiki baino lehenago egin beharreko zigilatze-lanetan. Otsaileko eskaeratik zortzi hilabetera, urrian, erreka kutsadura jasaten ari zela antzeman zuen Urak, eta enpresari berriro eskatu zion errekastoaren ertza lehengoratzeko, lixibiatuak behar bezala biltzea barne.

Azaroaren 27an errekan lerradura eta higadura gehiago saihestea helburu duen jarduera-plana aurkeztu zuen Higertokik. Eta aipatutako abenduko ebazpenaren bidez, enpresak aurkeztutako jarduera-plana ontzak eman zuen Urak. Baina garbiketa obrak oraindik ez direla hasi baieztatu dugu aste honetan bertan.

Abotsanitz Udal Taldeak oso larritzat jotzen du hamalau hilabetetan inork ezer egin ez izana Zokueta errekaren kutsadura eragin duen luiziaren ondorioak zuzentzeko. Eta bitarte honetan Hondarribiko Udaletik ez da gaiari buruzko komunikazio bakar bat ere atera. Are gehiago, udal gobernuari zigilatze-lanei buruz galdetu diogunean, ezkutatu egin ditu gertaera hauek. Tokiko gobernuaren isiltasunaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin eta Urarekin harremanetan jarri gara, egoeraren berri jaso eta gaiaren jarraipena egin ahal izateko.

Zabortegiaren zigilatze-lanak atzeratu ditu luiziak

2019ko abenduan gertatutako luiziek eragin zuzena izan dute Hondarribia Outlet Village proiektuan, udaberrian Higertoki enpresak dokumentazio osagarria aurkeztu behar izan zuelako Uran, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailean eta Hondarribiko Udalean. Hala jasotzen da 2021eko urtarrileko Ingurumen Sailaren ebazpenean. Ebazpen honen bitartez, zigilatze-lanak burutzeko Ingurumen Sailaren baimena jaso berri du enpresak, baina Hondarribiko Udalarena falta zaio oraindik.

2020ko abenduan Uraren Euskal Agentziak eta 2021eko urtarrilean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak kaleratutako ebazpenetatik ondorioztatzen denez, zigilatze-lanetan eragindako luizien ondorioz eten zituen Higertokik Zaldunbordako mega-outletaren eraikuntza lanak. Izan ere, Higertokik ia urtebete behar izan du zigilatzearekin jarraitu ahal izateko Urak eta Ingurumen Sailak eskatzen zioten dokumentazio osagarria aurkezteko.

Ura agentziak hainbat aldiz eskatu duen arren, urtebetean egoera ez da zuzendu