Nagusientzako aparatuak, auzoetan

Osasun zirkuiturik ez dagoen auzoetan pedalak jartzeko eskatu dugu

Zenbait bankuetan pedalak jartzeko eskatu dugu. Fotomontajean, adibide bat, Arma Plazan

Aurrekontuaren eztabaidan emendakin bezala aurkeztu genuen baina, beste proposamen guztiak bezala, hau ere atzera bota ziguten. Horregatik, Abotsanitz Udal Taldeak oraingoan eskaera bezala erregistratu du Hondarribiko Udalean. Nagusientzako aparatuei lotutako bi eskaera egin ditugu:

  • Nagusientzako pedalak. Bankuen parean jartzen diren horietakoak, argazki-montajean azaltzen diren antzerakoak. Auzoren batean badira osasun zirkuitu edo ariketak egiteko tresneriak, eta aurten Kasino Zaharreko kanpoaldean jartzeko asmoa du Hondarribiko Udalak. Abotsanitzek eskatzen duena zera da, pedalak jartzea osasun zirkuiturik ez dagoen auzoetan. Auzo bakoitzean bankuren batean pedalak jartzea. Jakina, erraz iristeko lekuak izan behar dira, mugikortasun arazoak duten pertsonek ere erabiltzeko aukera eduki dezaten.
  • Kasino Zaharrean ibilbide irisgarri bat. Aurten Kasino Zaharrean jarri nahi dute kirola egiteko tresneria, Amute edota Soroetako kirol guneetan daudenen antzera. Ondo deritzogu, herriko hirugarren adinekoen udal egoitza delako Kasino Zaharra. Baina ez da oso leku irisgarria. Horregatik, bidea hobetzeko eskatu dugu. Hau da, aparatuak jartzen dituzten lekuraino txintxarrezko bidea beste material batengatik ordezkatzea: baldosa, hormigoi estanpatua… Horrela, bai Sabin Aranako eskaileretatik, bai Santa Maria ateaurreko sarbidetik, erabiltzaileek errazago iritsiko lirateke.

Bi eskaera hauek herritarrengandik jasotako proposamenak dira, Auzoka dinamikan zehar iritsi zitzaizkigunak. Oraingoan, Hirigintzako udal departamentuari helarazi dizkiogu, udal aurrekontua gauzatzerako orduan kontuan har ditzan.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta