Kostako errepidean segurtasuna bermatu dezala eskatzen diogu udal gobernuari

Errail bat moztuta dago abenduko luiziaren ondorioz

Neguko euriteek hainbat luizi eragin zituzten Hondarribian, horien artean Kosta kalean gertatu zena. Abenduaren 9an izan zen, baina udal teknikariek hil horren 28ra arte ez zuten bisita teknikoa burutu. Eta jarduneko alkateak urtarrilaren 8an sinatu zuen jabeari zuzenketak egiteko behartzen duen dekretua. Hilabete pasata!

Urtearen hasieratik Santa Engraziako sarrera itxita dago, bertatik ibilgailuek debekatuta dute Kostako errepidera sartzea. Amutekoa, aldiz, irekita dago. Udaltzaingoak hesiak jarri ditu luizia gertatutako lekuan, baina ez da bestelako neurririk hartu trafikoa bideratzeko edota segurtasuna bermatzeko. Ez udaltzainik, ezta aldizkako zirkulazioa finkatzeko semaforo edo seinalerik. Adibidez, obra batzuk egiten hasi dira gertatu zen lekutik gertu, eta horretarako aldizkako trafikoa arautzeko semaforoak jarri dituzte. Zergatik ez dute neurri bera hartu luizirako? Are gehiago, zergatik ez dute obrako semaforoetako bat 50 metro harago jarri eta luiziaren zatia ere aintzat hartu? Egin ez dutenez, arazoa zuzendu beharrean okertu egin dute.

Horregatik, berandu baino lehen segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzala eskatzen diogu udaltzaingoari, errepidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatu dezala.

Horrez gain, trafiko murrizketez informatzeko exijitzen diogu udal gobernuari. Egunero propaganda bonbardaketa darabilte gauza txikiak lorpen itzelak balira salduz, eta benetan garrantzia duten gauzez ez dira informatzen ari. Errepide bat ixtea gai oso garrantzitsua da, eta Kostako errepideak bi aste daramatza itxita. 40 egun pasatu dira auzotarrek luiziaren berri eman zutenetik eta oraindik udal gobernuak ez du horretaz ezer esan.

Bukatzeko, Kostako magaleko lurzoruetako jabeekin harremanetan jartzeko ere eskatzen diogu udal gobernuari, eta eremuko beharren diagnostikoa burutu dezala. Lurzoruak jabego pribatuak dira, bai, baina euste-horma eta errepidea publikoak, eta magalaren egoerak bizitza publikoan eragina du. Udal gobernuak ezin du esan luiziak ezustean harrapatu duenik, euria egiten duen aldiro arazoak sortzen baitira errepide horretan. Arazoak, batetik, epe motzeko irtenbide azkar bat behar du, segurtasuna bermatuko duena. Baina bestetik, azterketa lasai bat egitea ere ezinbestekoa da, arazoari epe luzerako soluzio egokia eman ahal izateko.