Ez dezatela gero esan ezer ez zekitenik

Legez kanpoko duplexei buruz galdetu dugu udalean

Muliate eremuko legez kanpoko duplexen inguruko hiru idatzizko eskaera erregistratu ditu Abotsanitz Udal Taldeak azken astean. Herritarren zenbait salaketen ondorio dira egin ditugun eskaerak eta honako partzelei buruzkoak dira: 5.7 Muliate, 5.11 Saindua partzelako 6. lurzatia eta Tximista kaleko Patximoskenea urbanizazioa.

Azken urteotan udal zerbitzu teknikoek hainbat irregulartasun antzeman dituzte Muliate eremuko promozio pribatuetan. Alkatearen dekretuetan jasotzen denez eraikuntza-enpresek irregulartasun horiek zuzendu egin izan dituzte, baina herritarren salaketen arabera, irregulartasunek diraute edo errepikatu egin dira. Kasu batzuetan, lehen erabileraren lizentzia jaso eta gero berriro burutu omen dituzte lege urraketak, eta beste kasu batzuetan, asmo hori omen dute (bidean diren obretan), etxeak saltzerako orduan duplexaren aukera eskaintzen omen delako.

Udal arkitektuak obran zehar antzemandakoa eta herritarren salaketak bat datoz. Etxebizitzak eta gune auxiliarrak (trastelekuak) lotu dira, bi pisuko etxebizitzak (duplexak) sortuz. Hirigintza arauen urraketa da, batetik, lurzoruaren gehienezko eraikigarritasun maila gainditzen dutelako eta, bestetik, trastelekuek ez dituztelako aintzat hartzen etxebizitzen zenbait baldintza, suteen kontrako erresistentzia eta abar. Hala, adibidez, suteren bat gertatuko balitz, aseguru etxeak ez lituzke zertan kalteak bere gain hartu.

Bi eskaera udalari

Honengatik guztiagatik, Abotsanitz Udal Taldeak honako bi eskaera egin dizkio Hondarribiko Udalari. Batetik, Udal Hirigintza Arau Orokorra bete eta bete arazi dezala; hau da, udalak legea betetzea, eta betetzen dela bermatzea. Eta bestetik, idatzietan aipatzen diren etxebizitza-multzoetan ikuskaketak burutu ditzala, bai, egiten ari diren obretan, baita bukatuta daudenetan ere.

Gainera, idazki horiek erregistratuta zera nahi dugu: Hondarribiko Udalak Muliaten legez kanpoko duplexak egon daitezkeela jakitea. Horrela, beste edozein erakundetan (epaitegi batean, esaterako) gai honekin zerikusia duten ekintzak martxan jarriko balira, udaleko arduradun tekniko eta politikoek ezingo lukete esan ezer ez zekitenik.

Abotsanitz Udal Taldetik argi dugu balizko irregulartasun hauen erantzule udal gobernuaren etxebizitza politika dela. Hondarribian ez dira etxebizitza publikoak egiten, aldiz, promotore pribatuei alfonbra gorria jartzen zaie: baimenak korrika eta presaka eman, ordaindu beharreko zergak atzeratu, irregulartasun zantzuen aurrean ezikusiarena egin… Bada garaia honekin guztiarekin amaitzeko.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta