EAJk oposizioaren zuzenketa guztiak baztertu ditu

Gaur egin da Hondarribiko 2021erako udal aurrekontuaren eztabaida. Aspaldiko EAJ totalitarioena eta mendekatiena azaldu da gaurko osoko bilkuran, gutxieneko gaitasun politikorik gabeko alkatea buru zuela.

Eskertzen da aurrekontuaren eztabaidaren aurretik 2020ko hirugarren hiruhilekoaren likidazioa aztertu izana, jeltzaleek aurkeztu eta onartu duten aurrekontu-proposamenetik espero daitekeena argi eta garbi uzten duelako. Irailean, aurreikusitako 32,8 milioi euroko aurrekontutik 11 milioi euro baino ez ditu gauzatu udal gobernuak, herena 9 hilabetetan. Eta hori gastu arrunta kontuan hartuta; izan ere, inbertsioei erreparatzen badiegu, 7,4 milioitik 350.000 euro baino ez dira erabili, hau da, %5.

Horri gehitzen badiogu EAJk oposizioaren proposamen guztiak baztertu dituela, Abotsanitzek behin eta berriro luzatutako eskua mespretxatu izan duen bezalaxe, udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren sinesgarritasuna erabat nulua da.

Bihotzik gabeko proposamena

EAJk aurkeztu duen 2021eko udal aurrekontu proiektuari bihotza falta zaio.

2020. urtea Covid-19 birusak kolpatutako urtea izan da. Gizartea krisi sakon batean murgildu duen urtea izan da. Osasun krisiak norbanakoak kolpatu ditu eta honen eraginez motor ekonomikoa ere eten egin behar izan dugu.

Herritar eta erakunde guztiok jasaten ari gara gaixotasun honen eragina. Eta guztion ekarpenez egin behar diogu aurre 2021 urteari, baita gertuko etorkizunari ere.

EAJ-k, aldiz, aldebakarrez erabakitako aurrekontu proposamena jarri du mahai gainean. Hau, dagoen bezala onartu, bai ala bai. Hori izan da gainontzeko taldeei eskaini zaiguna. Imintziorik ere ez du egin ez Abotsanitz Udal Taldeak, ez beste taldeek eginiko hobekuntza ekarpenak aintzat hartzeko.

Aurkeztutakoa onartu bai ala bai. Eta aurkezten zaigunak ez du bihotzik.

Bada pandemiak agerian utzi du udalak eskaintzen ez dituen zerbitzu publiko horien beharra. Gure kaleetan nekez aurki dezakegu komun publikorik. Urtero jartzen da aurrekontuetan komun publikoak jartzeko diru-partida, baita 2021erako ere, baina ez da inoiz gauzatzen.

2018an Presa I eta Presa II-n etxebizitza publikoa egiteko hitzarmena aditzera eman zuen alkateak, baina babestutako etxerik ez dugu ikusten; ez gazteentzat ezta familientzat ere. Udaletik etxebizitzen alokairuarentzako laguntzak ezartzen dituela adierazten da urtero, eta adierazitako %10 ere ez da helarazten, ezarritako baldintzak ezinezko egiten baitute laguntza hauek hondarribiarrengana iristea.

Urtero-urtero proposamen berberak

Obrei dagokienean, zer esanik ez… Asko dira urtetik urtera aurrekontuan azaltzen zaizkigun obrak eta burutzen ez direnak.

Aurten, beste behin San Nikolas zubia proposatzen zaigu aurrekontuan. Kasino Zaharraren egoera, Arrantzale Auzoko eta Alde Zaharreko hiritartzeak, Saindua gaztelekua, Goiko Errota aterpetxea, udal Artxiboa eraikinez aldatzea…

Herritarrok dugun aparkatzeko arazoari inolako konponbiderik ez zaio eskaintzen. Urteetan aipatu izan dira aparkalekuen inguruko azterketak, Donostia kalekoa batez ere. Baina aparkaleku proiektuek ez dute EAJren Hondarribian lekurik.

Hiriko autobus zerbitzua onartuta zegoen aspaldi, bidegorrien sarea osatzeko lanketak ere. Baina hiri mugikortasuna hobetzeko ekimenak eskailera mekanikoak eta Bidasoa kaleko igogailua bezala daude. Hautsita.

Herritarrekin harturiko konpromisoak ez dira gauzatzen. Norabide berean daude Mendelu auzoa biziberritzeko proiektua, Alkartasuna elkarteko estalpea eta autokarabanen errealitateari erantzuteko zerbitzugunea eta ordenantza, beste askoren artean.

Aipamen berezia merezi dute Hondarribia Blues Jaialdiaren desagertzea, herriko ikur bilakatzetik, gupidarik gabe zapuztua izatera pasatu dena.

Edota Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolaren arazoa. Noiz emango zaio behin betiko konponbidea?

Puntu ilunen proiektua, futbol zelaiko obra, Kosta kalearen magaleko etxebizitzen azterketa, kultur ekipamenduen arautegia, Zumardirako ideia-lehiaketa, langile taldea osatzea, Zubietako konpatibilizazio plana… zerrenda luzea da oso.

Ezezkoa erantzun bezala

Abotsanitz Udal Taldeak eskaintza egin zizuen. Zuen proposamenari egokitzapen batzuk eginez gero, eta gauzatzea bermatzeko organo bat eratuz gero, alde bozkatzeko eskaintza egin genuen. Aurrekontu proposamena hobetzeko eta babesteko proposamena luzatu genuen.

Baina EAJk ezezkoarekin erantzun du. Bere proposamena bere horretan defendatuko duela, ez duela ekarpenik nahi. Udalbatza honetan duen gehiengo osoaren indarra baliatuko duela.

Honela ezinezkoa da. Politika egiteko tresnak elkarrizketa, negoziazioa eta akordioak dira. Zuek, aldiz, hobekuntzei uko egiten dien alde bakarreko proposamena da proposatu duzuena.

Hori bai, propagandaren potentzialaz ondo jabetu zarete. 2021rako Udal Organoen publizitatearen partidak ia %40ko igoera izango du. Horri esker jakin dute herritarrek Portuko zuhaitzak kimatu egin direla edo Santa Engrazian marra txuri batzuk margotu direla. Seguru oso eskertuta daudela.

Udal gobernuak webgunea bere mesederako erabili du beste behin 2020an, eta ez dugu zalantzarik hurrengo urtean ere asmo hori duela. Adibide gisa, aurrekonturako udal proposamena irakur daiteke udal webgunean, baina oposizioko udal taldeen proposamenak ez dira inon ageri. Oposizioarena ere bada udal webgunea, gu ere Hondarribiko Udala gara, baina udal gobernuak bere mesederako erabiltzen ditu udal webgunea, udal prentsa zerbitzua eta udal aurrekontuko propagandako partidak.

Ez dakigu 2021ean aurrekontuaren %40 edo %50 beteko ote den, ez dakigu aurreikusitako proiektu eta inbertsioen %10 edo %15 gauzatuko ote diren.

Gauza bat badakigu ziur, 2021ean bizpahiru aldiz aldatuko direla Solbes pareko urrezko adokinak, eta Txinako Harresi Handia eraiki izan bazenute bezala salduko duzuela.

Ikusi EAJk baztertu dituen Abotsanitzen proposamenak

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta