Lesboserako 5.000 euro elikagaietan

5.000 euro elikagaietan Zaporeaken Lesbos uharteko proiektu solidarioari bultzada emateko. Hori da aste honetan Hondarribiko Udalak egingo duena, Abotsanitz Udal Taldeak eginiko eskariari bide emanez. Eskaera irailean erregistratu genuen, koronabirusaren lehen kasuak zirela-eta Moriako kanpalekuan izandako sutearen ostean. Ondoren, Abotsanitzek mozioa aurkeztu zuen urriko ohiko osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta aho batez onartu zen.

Hasiera batean, laguntza ekonomikoa eskatzen genuen, baina Gizarte Zerbitzuetako departamentua Intxaurrondoko GKEarekin harremanetan jarri zen eta espezieen dohaintza adostu zuten bi aldeek. Horrela, 5.000 euroak elikagaien erosketan inbertituko dira, Zaporeakek Moria2 kanpamentu berrian egiten ari den zerbitzuan erabil ditzan.

Beharrezko izapideak egin ostean, aste honetan onartu da alkatetzaren dekretua. Pena da gauza hauek hainbeste atzeratzea, baina garrantzitsuena da Hondarribiko Udalak Lesbosko errefuxiatuei laguntzea erabaki duela, eta Zaporeak proiektuaren bidez egin duela; beraz, Abotsanitzen eskaeraren helburua goitik behera betetzen da.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta