Abotsanitz Udal Taldeko bi kide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuarekin batzartu dira gaur goizean. N-638 errepideaz, hau da, Amute eta Mendeluko biribilguneen arteko errepide zatiaz hitz egiteko eskatua genuen bilera.
Irun eta Hondarribia arteko lotunea da errepide hori. Auzokideek eguneroko bizitzarako erabiltzeaz gain, milaka oinezko, bizikleta erabiltzaile eta motordun ibilgailuk zeharkatzen dute egunero-egunero. Eta horrek zailtasunak eragiten ditu, azpiegitura ez baitago prestatuta haien guztien bizikidetzarako. Besteak beste:
- Errepideak auzoa bitan banatzen du, auzo harremanak zailduz.
- Segurtasun ezaren sentsazioa nabarmena da, batez ere oinezko eta bizikleta erabiltzaileen aldetik.
- Arrisku sentsazio hori dela-eta, nahi baino motordun ibilgailu askoz gehiagok zeharkatzen dute errepide zati hori, arrisku-sentsazioa are eta gehiago handituz.
- Ondorioz, gas emisio eta zarata handia pairatzen dute mendelutarrek.
Beste hainbat konpromisoren artean, honakoa jasoa izan da Hondarribiko Hiri Jasangarrirako Mugikortasun Planean: Oinezkoek lehentasuna izango dute, bizikleta erabiltzaileek ondoren, garraio publikoak gero, eta gainontzeko motordun ibilgailuak azkenik. Baina udal gobernuak beti aitzakiak jarri izan ditu Mendeluko enbutuari irtenbidea emateko neurriak eskatu direnean. “Konpetentzia ez dela gurea, auzoa biziberritzeko asmoa dugula…”
Horregatik, Amute eta Mendeluko auzo elkarteen eta Balazta bizikleta erabiltzaileen elkartearen iritziak jaso eta gero, Mendeluko enbuturako soluzio bila etorri gara Donostiara, bi helbururekin: Batetik, Aldundiko zerbitzu teknikoen iritzia ezagutzeko. Bestetik, bost puntuko proposamen bat egiteko:
- Errepideari 30 km/orduko muga ezartzea.
- Errepidearen zabalera abiadura horretara egokitzea.
- Behin-behinekoz, bizikletentzako eremu berezitua ezartzea (hirigintza garapena gauzatu bitartean) .
- Mendeluko autobus geltokiaren inguruaren mantentze lanak burutzea.
- Amuteko zubiaren mantentze lanak burutzea.
Eskariari idatziz erantzungo digutela ziurtatu digute foru teknikariek, eta horren zain geratu gara. Eskaerari erregistroa eman diogu gainera, eta alderdiei kopia bana helaraziko diegu. Espero dugu gaurkoak balio izatea Mendeluko errepidearen gaia aldundiaren agendan sartzeko.
Hurrengo egunotan, elkarteekin harremanetan jarriko gara berriro, bileraren nondik norakoak azaltzeko, eta hemendik aurrera zer urrats eman daitezkeen adosteko.