GKEen laguntzak berriro galzorian

Azaroaren 28an Gizarte Zerbitzuetako departamentuak oraindik ez du elkartasun laguntzen deialdia egin. Iaz bezala, Hondarribiko Udalaren finantzazioa espero duten Bidasoko Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) proiektuak arriskuan daude, eta arazoa gainditzeko oso denbora gutxi dago.

Deialdia ez bada berehala egiten, elkartasunera bideratutako hamarnaka mila euro galdu daitezke, eta eskualdeko erakundeak oso kaltetuta geratuko lirateke. Izan ere, proiektuak burutu ahal izateko ordainketak aurreratu behar izan dituzte, eta ez dute fakturak beste deialdietan aurkezteko aukerarik, dagoeneko itxita daudelako beste deialdi guztiak.

Joan den urtean antzerako zerbait gertatu zen, deialdia urria bukaeran egin zelako, eta ez udaberri-udan, ohikoa den bezala. Aurretik gainera, GKE gehienek 2018an arazoak izan zituzten, udalak diru-laguntzak jasotzeko irizpideak aldatu zituelako aurretik jakinarazi gabe. Gauzak gaizki egin diren hirugarren urtea da beraz, baina aurten egoera okerragoa da, atzerapen hain handiarekin diru-laguntzak galtzeko aukera oso handia delako.

Iaz egin genuen bezala, Abotsanitz Udal Taldeak laguntzeko prestutasuna agertu nahi dio Gotzone Larrarte departamentuko arduradunari. Edozertan laguntzeko prest gaude eskualdeko GKEen proiektuek espero duten laguntza jaso dezaten. Eta prestutasun hori erakutsi nahi diogu departamentuan dituzten beste zailtasunak arintzen laguntzeko ere.

Eta testuinguru honetan, keinua udal gobernu osoari zabaltzen diogu, asko direlako antzerako egoeran dauden gaiak: Covid-laguntzak, kirol eta kultur elkarteenak, Bordari eta Satarka lehiaketak, mugikortasunezko azpiegiturak, eta abar.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta