Covid-aren urtean inoiz baino gehiago, A25

Covid-19ak lurrikara eragin du mundu osoan. Oso modu latzean kolpatu du ekonomia, erabat baldintzatu ditu harreman sozialak eta are eta gehiago gaiztotu du pandemiaren aurretik zaurgarritasun egoeran bizi ziren pertsonen drama. Horien artean daude etxean indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak, tratu txarren emailearekin ordu gehiago ematera zigortuak.

Horregatik, inoiz baino gehiago, indarkeriaria matxistaren aurka gaudela esatera behartuak gaude aurten, inoiz baino gehiago salatzera, inoiz baino gehiago aurre egitera, eta inoiz baino gehiago laguntza eskaintzera. Koronabirusaren urteak indarkeria matxistari planto egiteko urtea izan behar du, inoiz baino askoz gehiago.

Hondarribiko udal talde guztiok A25ari lotutako adierazpen instituzionala sinatu dugu. Eudelek proposaturikoa du oinarri, baina Abotsanitzek egindako ekarpen batzuk jasoak daude testuan.

Azaroaren 25erako erakunde adierazpena Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna dela eta

COVID-19ren pandemiak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri ditu, pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta komunitate-bizitzari erronka handia jarriz. Mundua ulertzeko eta bertan egoteko dugun modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte, beren gordintasun osoz, indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoera oso ahulak.

Krisi-testuinguru guztiak, pandemia honekin gertatzen den bezala, indarkeria matxista, ugaltzeko, biderkatzeko eta ugaritzeko haztegi bat dira. Indarkeria hori botere-harreman desorekatuen eta emakumeen aurkako diskriminazioaren adierazpen bat da, eta pairatzen ari garen krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorioz larriagotu egiten dira.

Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dugu beren etxeetan, lanetan eta bizi-espazioetan bizirik irauteagatik indarkeriari aurre egiten ari diren emakume eta neskengan. Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute.

Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu. Horregatik, aurten Euskal Herrian hildako lau emakumeak gogoratu nahi ditugu bereziki gaur, bi EAEn eta beste bi Iparraldean. Errealitate mingarri horrek gizarte gisa interpelatu egiten gaitu, lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko konpromisoa hartzeko, horrela gerta ez dadin.

Hala ere, horrekin EZ DA NAHIKOA. Konpromiso politiko argia behar dugu, gizarteak erakundeei eskatzen baitie emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bihur dezatela.  Inoiz ez bezala zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak izateko, emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomia-prozesuetan laguntzeko garaia da.  Baina ezin da botere-harreman desorekatu hau ekilibratzeko ardura guztia emakumeen sorbalden gain jarri soilik; gizontasun-eredu mingarriek eragiten dute egoera hau  eta baliabideak behar dira ere gizontasun eredu berriak lantzeko, honek ahalbideratuko baitu benetako genero berdintasuna. Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzea merezi duen bizitzarako oinarrizko eskubidea berreskura dezaten. Behar-beharrezko baldintza da, gainera, gure herriak eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indartu daitezen.

Herritarrengandik hurbil gaudenez, euskal udalok ahotsa jarri nahi diogu gure udalerriek emakumeekiko eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuekiko duten elkartasunari. Gure erantzukizuna gure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakumeen kolektibo, aditu eta gizarteko eragile guztiekin lankidetzan eta koordinatuta. Horregatik guztiagatik, Hondarribiko Udalak konpromiso hau hartzen du:

– Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.

– Behaketa hobetzea, indarkeria-egoeretan dauden emakumeen forma eta profil berriak hautemateko eta horien aurrean azkar jarduteko.

– Indarkeria matxistaren edozein formari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta- eta laguntza-zerbitzuak mantentzea, hobetzea eta egokitzea, ikuspegi konpontzailearekin, erakunde bakoitzaren eskumenen esparruan.

– Emakumeen ahalduntzeari, Gizontasun eredu berrien lanketari eta Gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak bultzatzea, etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak diren aldetik.

– Hondarribiko Emakumeen eta Gizonen arteko I. berdintasun plana bultzatu eta egonkortzea, emakume-kolektibo batzuek pairatzen duten zaurgarritasuna areagotzen dituzten desberdintasunen aurka borrokatzeko.

– COVID19ren krisiak emakumeen pobretzean eta kalteberatasunean duen eragina aztertzea, laguntza-jarduera espezifikoak diseinatu ahal izateko.

– Genero-ikuspegia txertatzea enplegu-galerak, diru-sarrerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan, zeinak eragin handiagoa izan duten emakumeengan, eta oztopo diren indarkeria matxistako egoeretatik ateratzeko.

– Erakundeen, udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzea, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jartzeko, beren eskumenen esparruan.

Halaber, gure bizilagunei dei egiten diegu mugimendu feministak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko eguna dela-eta deitutako mobilizazioei atxikitzeko.

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta