Ekonomiari eusteko laguntzak hobetzea eskatu du Abotsanitzek

Abotsanitz Udal Taldeak ekonomiari eusteko eta kontsumoa sustatzeko diru-laguntza proposamena aurkeztu zuen joan den asteazkenean Hondarribiko Udalean. Osasun krisiak eragindako larrialdi ekonomikoa arintzeko neurriak dira proposatzen direnak, eta era azkar eta prozedura erraza erabiliz abiatu beharko lirateke. Covid-19aren aurrean enpresei laguntzeko sorturiko diru partidatik 700.000 euro erabiltzea eskatu du Abotsanitzek.

  • Batetik, 500.000 euro aktibitate ekonomikoa sustatzeko. 1.000 euroko laguntzak, aktibitatea mantentzeko baldintzarekin. Lokalaren alokairua, produktu higienikoak, zaborrak, ura, argia, telefonia eta Internet sarea, alarmak, etab. ordaindu ahal izateko erabiliko dira. Prozedura sinplifikatua beharko litzateke, orain arte aurkeztutako dokumentazioak ontzat emanez.
  • Bestetik, 200.000 euro kontsumoa sustatzeko. Gabonetako kanpainari lotutako larrialdiko ekintza izango litzateke, kontsumo bonoen sistema erabiliko lukeena.

Apirila bukaera emergentziazko laguntzetarako 2,6 milioi euro bideratzea adostu zuten udal taldeek. Epe motzean krisiak gehien kolpatutako familiak eta jarduera ekonomikoak laguntzea zen helburua, baina jarritako diruaren herena baino ez da erabili, besteak beste, tramitazioan zailtasun ugari izan direlako.

Abotsanitzen ustez, berebiziko garrantzia du udazkenean eta neguan ehun ekonomikoaren mantendu ahal izatea. Horretarako, Itxeki Hondarribia! programan gastatu ez den dirua erabiltzea proposatzen dugu.

Era berean, egoerari jarraipena emateko, alderdi politikoen eta kaltetutako sektoreen ordezkariak eta Bidasoa Bizirikeko teknikariak bilduko dituen mahaia osatzea eskatzen dugu.

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta