Madalenako Kuboa, beste atzerapausu bat

Madalenako Kuboan etxebizitzak eraikitzeko proiektua onartu zuen Hondarribiko Udalak joan den astean. EAEko Auzitegi Gorenak bertan behera utzitako plan orokorrean du oinarria. Horregatik, Abotsanitz Udal Taldeak ez zuen bozketan parte hartu, legearen kontrako erabakia izan daitekeela uste dugulako.

Horrez gain, etxebizitza politikari dagokionez, atzerapausua da onartutakoa. Zergatik? Beste behin etxebizitza pribatuak direlako lehentasuna, eta publikoak erabat zokoratzen direlako. Plan orokorraren arabera Madalenako Kuboko etxebizitzen %40 babes ofizialekoa izan beharko luke. Baina udal gobernuak baimena eman dio eraikuntza enpresari %100 pribatuak egiteko. Horren truke, konpentsazioa jasoko luke Udalak, baina konpentsazio hori ez da epe laburrean inbertituko etxebizitza publikoetan, hala egin beharko litzatekeen arren.

Horregatik diogu atzerapausua dela. Izan ere, beheko taulan azaltzen dugun bezala, etxebizitza pribatuak eta publikoak aldiberean egiteak prezioen merketzea ekarriko luke. Aldiz, bakarrik pribatuak egiten badira, prezioak garesti mantenduko dira beti, promotoreek erabakitzen dituztelako prezioak, ez merkatuak. Promozio publikoak hamar edo hamabost urtean behin egiten badira, Hondarribian bezala, publikoek ez dute merkatua baldintzatzeko gaitasunik eta, gainera, hondarribiar askok herritik alde egin behar izatea ekartzen du horrek.

Madalenako Kuboa

MADALENAKO KUBOA

– Etxebizitza kopurua: 35
– Legez, babes ofizialekoak: 13
– Udal gobernuaren erabakiz, babes ofizialekoak: 0
– Promotorak Udalari babes ofizialeko etxebizitzak ez egiteagatik ordaindu beharreko konpentsazioa: 1.566.520 euro
– Diru horretatik babes ofizialeko etxeetan inbertituko den dirua: 0 euro

ZER GERTATZEN DA…

a) Etxebizitza publikoak eta pribatuak aldiberean egiten badira:
– Pribatuen eta alokairuzko etxeen konpetentzia bihurtzen dira etxebizitza publikoak, prezioak merketuz
– Gazteentzako aukera gehiago

b) Bakarrik etxebizitza pribatuak egiten badira:
– Prezioak ez dira jaitsiko, promotoreek erabakitzen dituztelako prezio horiek
– Alokairuen prezioak garestiak izaten jarraituko dute, lehiarik ez dagoelako
– Gazteentzako aukera eskasak

Abotsanitz Udal Taldeak etxebizitza publikoen aldeko politikak bultzatuko ditu. Batetik, promozio pribatuetan legeak zehazten duen etxebitza babestuen portzentaia epe motzean burutzea eskatuz. Bestetik, Hondarribiko hirigintza araudian aspaldi onarturiko Presa eta Damarri promozio publikoak berehala gauzatzea exijituz.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta