Udal brigada ozpina erabiltzen hasi da, glifosatoa baztertuta

Hondarribiko Udal Brigadako lorezainak glifosatoari ezetz esan diote dagoeneko. Graduazio altuko ozpina erabiltzen hasi dira belarren hazkundea kudeatzeko, eta dagoeneko ez dute glifosatoa duten produktuak erabiliko.

Maiatzean Abotsanitz Udal Taldeak mozioa aurkeztu zuen Hondarribiko Udalean. Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) minbizia eragin dezakeen produktuen zerrendan kokatu du glifosatoa, eta beste aukeren aldeko jarrera hartzea eskatzen zuen Abotsanitzen dokumentuak.

Ekaineko osoko bilkuran eztabaidatu zen mozioa eta aho batez onartu zen. Hauek dira onartutako bost puntuak:

  1. Hondarribiko Udalak ez du glifosatoa osagai duen produkturik erabiliko herriko belardi, parke eta lorategietan.
  2. Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza enpresari glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko dio.
  3. Hondarribiko Udalak herriko nekazariei glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko die.
  4. Europako Batasuneko legedia errespetatuz, udal araudi bat egingo da osagai hori duen produkturik erabili behar duen edonork legedia errespetatu dezan eta kutsadura kalteak herritarrek ez ditzaten pairatu.
  5. Informazio kanpaina egingo da hondarribiar orok ezagutza izan dezan bitarteko ekologikoak egokiagoak direla beti gure ingurune, osasun eta biodibertsitatearen ikuspegitik.

Dagoeneko udal brigadak heldu dio erabakitakoari, eta ozpina erabiltzen hasi da glifosatoaren ordez. Asko pozten gara hain azkar mugitu izanagatik. Denetzat onuragarria izango da, langileentzat, herritarrentzat eta ingurumenarentzat.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta