Ostegunean Alde Zaharreko auzotarrekin elkartuko da Abotsanitz

Eskaera egin eta bi hilabetera Auzoka dinamikaren barruan herritarrekin biltzeko udal areto bat erabiltzeko baimena lortu du Abotsanitz Udal Taldeak. Momentuz baimen bakarra, eta hamaika aldiz eskatu, erreguka ibili eta mahai gainean kolpea jo egin behar izan dugu baimen hori lortzeko.

Hala, ostegun honetan (hilak 15) 19:00etan Kultur Etxeko areto nagusian Alde Zaharreko auzotarrekin elkartuko da Abotsanitz, euren kezkak eta eskaerak jaso eta udalera bideratzeko. Bilera irekia izango da eta beharrezko osasun neurriak bermatuko dira.

Biltzeko eskubidea urratzen ari da udal gobernua

Abotsanitz Auzokaren bigarren bilera izango da ostegunekoa. Lehenengoa Puntalean egin zen irailaren 29an. Orduan, udal gobernuaren erantzunik ezean, eraikineko ohiko erabiltzaileekin hitz eginda izan genuen eskola zaharreko patioa erabiltzeko modua. Izan ere, hamaika bider eta modu askotara eskatu ditugu aretoak: BAZen, posta elektronikoz, telefonoaren bitartez, aurrez aurre… Hilabete eta erdira iritsi da lehen erantzuna.

Guk bezala, hamarnaka herritarrek erregistratu dituzte azken hilabeteotan eskabideak. Lokalak erabiltzeko eskaerei, BAZen erregistratu eta erantzunik jaso ez dituzten bestelako idatziak gehitu behar zaizkio. Zientoka seguru aski. Eta ez da Covid-19aren ondorio bat, azken urteotan salatu izan baitugu udalak ez dituela herritarren idatziei erantzunik ematen.

Hondarribiko udal gobernuak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea (2/2016) urratzen du behin eta berriz. Herritarrei biltzeko eta askatasunez adierazteko eskubidea urratzen ari zaizkie. Eta guri, Abotsanitz Udal Taldeari eta gainontzeko udal taldeei, gure lan politikoa burutzea galarazten digute.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta