Urte amaiera latza izango da hondarribiar askorentzat

Pandemiaren bigarren olatua bizitzen ari gara. Ez dakigu zein bilakaera izango duen, edo hirugarren batek jarraituko ote dion. Baina argi dago herriko ekonomia astinduko duen bigarren kolpea iristear dela. Udaberrian sufritu zuten askok berriro gaizki pasako dute urritik aurrera. Adituek diotenaren arabera, urte amaiera oso latza izango da hondarribiar askorentzat.

Horregatik, herriko ekonomia babesteko neurriak eskatu ditu Abotsanitz Udal Taldeak. Itxeki Hondarribia! programako aurrekontutik erabili ez den dirua baliatzea proposatu dugu: 500.000 euro aktibitate ekonomikoak mantentzeko, eta beste 500.000 euro kontsumoa sustatzeko balioko duten familientzako bonoetan.

Neurri horiek berehala hartu behar dira, beranduegi izatea nahi ez badugu. Horregatik, diru laguntzak jasotzeko prozedura erraza izatea nahi dugu, Itxeki Hondarribia! programarekin izaten ari diren arazoak errepikatu ez daitezen.

Ez dadila errepikatu

Apirilean Abotsanitzek proposamen bat egin zuen bozeramaileen batzordean. Proposamen horretatik abiatuta, udal talde guztiok enpresentzako eta familientzako diru-laguntza programa bat adostu genuen. Baina udal gobernuak akordio hori moldatu egin zuen, diru-laguntzak murriztuz eta prozedura zailduz. Emergentziazko laguntzak ziren, baina bost hilabete pasa direnean, oraindik badira dirurik jaso ez dutenak, prozedura korapilatsuaren ondorioz.

Enpresentzako aurreikusitako kopurua 1.115.000 eurokoa izan zen, eta horri beste 300.000 euro gehitu behar zaizkio, bono-laguntzetara bideratu behar zirenak. %15era ez da iristen banatu den dirua, eta bono-laguntzak oraindik ez dira martxan jarri.

Horregatik, Itxeki Hondarribia! programan egindako akatsak zuzendu eta diru-laguntza programa berri bat abiatzeko eskatzen dugu, orain arte erabili ez den aurrekontua erabiltzeko. Eta horretarako, ezinbestekoa da prozedura erraztea eta gainontzeko udal taldeon eta inplikatutako sektoreen ikuspuntua aintzat hartzea.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta