‘Abotsanitz Auzoka’, Hondarribia hobetzeko

Abotsanitz Auzoka aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dugu gaur. Abotsanitz Udal Taldearen dinamika berri bat da, abuztua erdialdean abiatu genuena eta azarora arte luzatuko dena. Helburua, herritarren kezkak eta eskaerak haien ahotik ezagutzea. Abotsanitzen eguneroko jardunaren oinarria herritarren beharrak izan behar dira. Behar horiek ezagutzen ez baditugu, gure jarduna ez da eraginkorra izango. Aldiz, ezagutzen baditugu, eta, batez ere, herritarrengandik beraiengandik ezagutuz gero, horrek Hondarribia hobetzeko lan egiten lagundu digu.

Aurten zortzi auzo edo auzune bisitatuko ditugu: Puntala; Alde Zaharra-Zezen Plaza; Amute-Kosta; Portua; Muliate-Tximista-Biteri; Soroeta-Madalengain-Sokoa; Arkolla; eta Gornutz. Zergatik leku horiek? Ba, konturatu ginelako auzo horietan gabezia genuela, ez genuela hainbesteko harremana auzotarrekin eta, ondorioz, ez genekiela oso ondo zer den auzotarrak egunerokoan kezkatzen dituena.

Hasteko zortzi auzo, baina ikusirik izan dugun erantzun ona, modu honetan edo beste batean, ikusiko dugu nola, aurrerago Abotsanitz Auzoka dinamika beste auzoetara zabaldu nahiko genuke. Izan ere, Abotsanitzek udalgintza ulertzeko duen modua herritarrengandik gertu egotea da, hauteskunde programan horrela jaso genuen, eta dinamika honekin konpromiso hori berretsi nahi dugu.

Lanketa bi fasetan banatu dugu. Lehen fasean, dinamikaren berri eman dugu. 1.200 kartel jarri ditugu zortzi auzo horietan, dinamikaren berri emanez eta iradokizunetarako helbide elektroniko bat jarriz (auzoka.abotsanitz@gmail.com). Erantzuna espero baino hobea izan da, eta auzo guztietatik jaso ditugu ekarpenak.

Bigarren fasea datorren astean abiatuko dugu. Behin herritarren ekarpenak jasota, zortzi auzo edo auzuneetan bilera irekiak burutuko ditugu, herritarrek proposatutako gaien inguruan eztabaidatzeko. Astero auzo batean egingo dugu bilera, aurretik behar bezala iragarriko dugularik: beste 1.200 kartel inguru jarriko ditugu eta, horrez gain, sare sozialen bitartez emango dugu bileren berri. Komunikabideei ere hurrengo asteko bileraren berri emango diegu astero.

Hala, lehen bilera Puntalean egingo dugu. Puntaleko eskola zaharrean egingo da irailaren 29an, asteartez, 19:00etan hasita.

Gobernuaren laguntza eza

Hasierako asmoa zen gaurko egunez bilera guztien datak eta kokapenak jakinaraztea, baina ezin dugu egin, udal gobernuak ez digulako udal lokalak erabiltzeko eskaerari erantzun. Abuztuaren 25 egin genuen zortzi bilerak egiteko udal lokalak erabiltzeko eskaera, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Jakina, bilera guztiak beharrezko segurtasun eta osasun neurriak hartuta egingo zirela jakinarazi genuen. Baina, hilabetean ez dugu erantzunik jaso. Pentsa, Udal Talde bati ez badiote erantzuten, zer ez dioten egingo herritar normal bati!

Akaso EAJk ez du herritarren kexarik entzun nahi. Baina halere Abotsanitz Udal Taldea beraiekin elkartuko da, horixe garelako, udal talde bat. Eta beraien eskakizunak jaso eta Udalera eramango ditugu, bertan aldarrikatzeko. Sinistuta gaudelako hori dela Udal ordezkarion eginbeharra.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta