Joan den astean Hondarribiko udal taldeok ez-jaien inguruan adierazpen instituzional bat adostu genuela baieztatu zuen Txomin Sagarzazu alkateak komunikabideen aurrean. Gezurra zen, ez zen halakorik. Larria da alkate batek gezurra esatea, baina Hondarribikoak hainbestetan egin du, ezen ja ez baikaitu harritzen.
Aste honetako ostegunean elkartu ginen udal bozeramaileak testu bat adosteko. Udal gobernuak bezperan egindako proposamenari zenbait ekarpen egin genizkion, adostasunerako gure borondatea erakutsiz. Gure ekarpenak nolabait jaso ziren testu berrian, baina ez gintuen guztiz asetzen, Covid-19ari eta Alardeari buruzko adierazpenak testu berean nahasten zirelako, eta, gure ustez, bakoitzak bere lekua behar duelako.
Halere, talde guztiak ados egonez gero guk sinatuko genuela adierazi genuen. Baina ez zen posible izan. PSE udal taldeak ez zuen onartu bi gaien arteko nahasketa hori. Harez geroztik izan du aukera alkateak adostasuna bilatzeko, baina ez da saiatu ere egin.
Sagarzazuk nahi izan ez duelako ez da izan posible. Behar bezalako saiakerarik egin ez duelako, ez da adostasunik lortu. Aurreko astean gezurra esan zuen akordioa zegoela esaterakoan, eta aste honetan ere huts egin du, akordioak bilatzeko gai ez dela erakutsita.