#ERRIATXIKOTIA, aska dezagun korapiloa

Abotsanitzen hausnarketa aurtengo ez-Alardearen aurrean

Esperantza handiak genituen 2020 urtean egingo zen lanketarekin. 2019ko udaberri eta udaran zehar oso lan polita egin zen, eta nahiz eta eragileen arteko testurik ez zen suertatu, lanketaren emaitzetako bat alderdi politiko guztiek adostutako eta sinatutako testu bat izan zen. Prozesu bat martxan jarri zela sinistu genuen. COVID 19-ak, ordea, lanketaren bidea oztopatu du. Osasun-larrialdi egoera honek beste hainbat hutsune utzi dizkigu: besteen artean aurten ez da Alarderik ospatuko. Testuinguru honek, baina, egun berezi hauek modu berri batean bizitzeko aukera emango digu, modu bareago batean. Indarra hartzen ari diren eta beti hor egon diren ahotsak arretaz entzuteko parada izango dugu, eta, agian, orain arte nor izan garenaren eta hemendik aurrera nor izango garenaren artean aldaketaren bat egiteko momentua topatuko dugu.

Urteetan mantendu den isiltasunak mina elikatu du, eta egoera hau irauli asmoz modu zintzo eta garbian aritu gara lanean azken urteetan. Sinistuta gaude hondarribiarren artean bestelako giro bat sortu behar dela: lasaitasuna, enpatia eta konfidantza giro bat. Honetan guztiok gara beharrezkoak, norbanakoak, eragile zuzenak eta herriko alderdi politiko guztiak. Tentsioa, aurpegiratzeak, irainak… alboratu eta etorkizuneko Hondarribiari, Alardeari eta generazio berriei aukera bat eman behar diegu. Bidean, muturreko jarrerak eta aurpegi zuritzeak aurki ditzazkegu alderdi politiko zein eragile batzuengandik, baina gu ziur gaude: “Bada garaia barruan duguna askatzeko, elkar-hizketan hasteko”.

Behin eta berriro aritu gara hitz egitearen garrantziaz, hori baita aurrera egiteko lehenengo urratsa. Hondarribiarrok elkarrekin egin behar dugun afera da, zeren ez badugu guk egiten, nork egingo du? Pausuak ematen hasteak ausardia eskatzen du, ausardia, mina elkar partekatu eta orain arte parean eduki dugunarekin hitz egiteko. Horrela konturatuko gara hark ere Alardea maite duela, eta zauriak dituela, baina guztiaren gainetik anai-arrebak garela eta batzuen eta besteen ideiekin guztiona den zerbait eraikitzeko gaitasuna dugula.

Hainbeste urteetako haserrea eta gorrotoa pisutsuegiak egiten ari zaizkio herriari: batzuk nekatuta daudelako, besteak esparru berriak ireki behar direla sentitzen dutelako, besteek beraien botere-gunea galtzen ari direla ikusten dutelako, askok jai alai batzuk ospatzeko esperantza dutelako… Denok jabetuta gaude bestelako egoera baten beharraz, etorkizuneko alardeari begirako aldaketa baten beharraz…. Mahai gainean dugun galdera sinplea eta sakona da aldi berean: Gatazkaren alde zaude, ala konponbidearen alde?

Denborarekin, gatazkaren beraren muinak ere bilakaera izan du. Hasieran eta urte luzeetan “emakumea bai ala ez?” izan zen gure arteko haustura sortu zuen galdera. Gaur egun, ordea, “emakumea bai, baina nola?“ da koska. Prozesu honetan guztian Hondarribiari buruz zabaldu den iritziak ere mina egin digu. Askok kanpoan ikasi edo lan egiten dugu, eta askotan entzun dugu: “Zer gertatzen da zuen herrian?? Erotuta zaudete!” Baina, errealitatea da beste herrietan ez dela Hondarribian bezainbeste hausnartu, idatzi, eta irakurri feminismoari, tradizioari eta kulturari buruz. Gizarte bezala asko ikasi dugu, jantziak gaude, eta hala esaten digute gai hauetan adituak direnak. Beraz, ez dezagun zentzurik gabe gatazka gehiago luzatu, eman dezagun ausardiaz pausu bat aurrera, jarrera ahalbideratzaileak saretuko baitu etorkizuneko herria.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta