Zabor artean, altxorra

Ane Muñozek Aiza! #7 aldizkarian idatzitako artikulua

argazkia: David Herranz

Koronabirusa dela ez dela, honez gero ohitu gara filmen bat ikusi nahi dugunean aretoetako egitarauak begiratu ordez plataforma ezberdinetako aukera anitzen artean bilatzen. Eta ez da zaila, ez, pantaila handian estreinatutakoan pasa egin zitzaigun film interesgarri bat baino gehiago sarean topatzea. Horien artean, biziki gomendatu nahi dizuet Ventajas de viajar en tren, Aritz Moreno donostiarrak Antonio Orejudoren eleberria egokituz zuzendu duen lehen film luzea.

Izugarri aske eta ausarta, ez dago edonori zuzendua; amari ez nioke gomendatuko, ezta film erromantiko samurrak edota mamirik gabeko akziozko film linealak atsegin dituztenei ere. Bai ordea, ohikoak ez diren filmak gustuko dituztenei eta eskaintza alternatiboen maitale guztiei. Intentsua, iluna, mingarria eta mamitsua baita, barruak nahasten dizkizuten horietakoa. Batzuetan bihurria, maltzur eta basatia bestetan. Guztia, umore beltz eta eskatologikoaz bustita. To!

Helgak senarra psikiatrikoan utzi eta trena hartuko du, etxerantz. Bertan, parean duen bidaiari enigmatikoak istorio bat kontatzea nahi duen galdegingo dio. Eta kontatzeari ekingo dio…

Matriuska baten modura eraikia, bata bestearen atzetik nolabait elkarlotuko diren istorio txikiak biltzen ditu. Istorio askeak, bakoitza tonu eta modu ezberdinean erakutsia, bakoitza bere pertsonaiekin, bere drama edo tragedia propioarekin.

Patologia eskizoide, paranoiko eta neurotikoak bizi dituzten pertsonaje multzoa aurkeztuko digu. Hau pizti koadrila: Luis Tosar eraldatu bat zaborrarekin obsesionatuta, Ernesto Alterio enigmatiko bat, Belen Cuesta bihurri bat, Pilar Castro sufritzailea, Quim Gutierrez beldurgarria, Macarena Gomez ezin samurrago bat… eta etxekoen artean, Ramon Barea, Iñake Irastorza eta Pako Sagarzazu ezinbestekoak.

Argazkia eta eszenaratzea bera bezala, soinu banda kristona da, brutala: adi Massielen El amor kantu zaharrak ilustratzen duen eszenari, ikaragarria da-eta.

Nazioarteko mailan ere kritikarien eta ikusentzulegoaren mirespena lortu ondoren, kultozko film saritu honek nabarmen uzten du Euskal Herriko egungo sorkuntzaren aniztasun eta maila handia.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta