Koronabirusari esker fauna bueltatu egin da!!! …ala ez?

Aitor Lekuona Alzugarayk Aiza! #7 aldizkarian idatzitako artikulua

Martxoaren bukaeran, beste milioika pertsonen antzera, etxean gatibu ikusi dut nire burua, eta inoiz ez bezala, egunak joan eta egunak etorri, inguratzen gaituen munduaren berri guztiak ia esklusiboki bi window-etatik iritsi zaizkit: bata fisikoa, etxeko leihoa alegia, birtuala bestea, ordenagailua.

Lehenengo asteetan, SARS-coV-2 birusaren eta honek eragindako Covid-19 gaixotasun berriaren nondik norakoak izan dira nagusi nire leiho birtualean. Arreta osoz jarraitu izan ditut kutsatu-kopuruaren bilakaera iragartzen duten eredu matematikoak, proiektatutako heriotzen grafikoak edo infekzio-puntu kritikoen mapak. Leiho fisikoan aldiz, kaleak hutsik, kotxe eta zaratarik ez, eta naturaren hotsak nagusi: txorien udaberriko kontzertuak etengabean, aspaldian ikusten ez nuen gabiraia ehizan, usapala etxe aurreko zelaian… Hara! Normalean baino animali gehiago ote dabil?

Konfinamenduak aurrera egin ahala, leiho birtualetik ere, birusaren pandemiaz harago, naturaren inguruko berriak sartzen hasi ziren; nolabait esateko, nire bi leihoak lerrokatu egin ziren, bietatik antzeko diskurtsoa sartzen zelarik. Txorien hegaldiak leihotik disfrutatzen nituen momentu berean, nire ordenagailuan zer eta: El País-La cuarentena ‘limpia’ los canales de Venecia, El Confidencial-Jabalíes, corzos y osos por la ciudad, La Vanguardia-La fauna recoloniza la ciudad, El Correo-Los animales salvajes salen de las sombras…

Tamalez, nire bi leihoek helarazten didaten mezua eta errealitatea oso bestelakoak dira. Datu zientifikoetara eta iturri fidagarrietara jotzen badugu, azkar batean konturatuko gara gizakiok ama lurrean eragiten ari garen bioaniztasunaren galeraz. Kalkuluen arabera, 2100 urterako lurzoru-erabileraren aldaketa, klima-aldaketa, nitrogeno-zikloaren aldaketa eta espezie inbaditzaileak izango dira, hurrenez hurren, munduko biodibertsitatearen galeraren eragile nagusiak. Gure planetan bizitzak 3.800 miloi bat urteko historia dauka, eta iraganean ere bioaniztasun galera bortitzak jasan izan dituen arren, oraingo honetan gu geu gara eragileak, eta gainera izugarri azkarra izaten ari da, Kretazeoan dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoaren talkak eragindakoaren antzerakoa.

Egia da noski, gure gizartearen metabolismo ero honek egindako etenalditxoak eragin positiboren bat izan duela Euskal Herriko faunan: kaio beltza (Larus atlanticus) lehen aldiz ugaldu egin da Gipuzkoan; belatz handiak (Falcus peregrinus) aurrera atera ditu bere txitak normalean jendez lepo dauden lekuetan; eta orokorrean, konfinamendua udaberrian izanagatik, hainbat espezieri mesede egin dio, normalean baino lasaiago ibili baitira lan kritiko hauetan.

Baino ez diezaiogun iruzurrik egin geure buruari, eragin positibo igarokorra izan baitu gure gizarteak egin duen paradinha honek. Eta ez dezagun ahaztu animali espezie gehienek konfinamenduaren iraupena baino ziklo biologiko luzeagoak dituztela, eta hilabete gutxi batzuk ez direla nahikoak izaten beraien populazioak berreskuratzeko. Hau guztia gutxi balitz, konfinamendu garaian ez da dena arrosa kolorekoa izan gurean! Garai berean, munduan ugaztunik mehatxatuenetakoa den bisoi europar bat (Mustela lutreola) kotxe batek harrapatuta hil da, Zubietako zabor-erraustegiari lotutako ustezko isurketa batek Arkaitzerrekako arrainak akabatu ditu, sai arre batzuk pozoiaren eraginez hilda agertu dira, etab.

Arriskutsua da oso zabaldu den mezu positiboa: “Animaliak bueltan dira!” Arriskutsua, egi ustela delako; fenomeno sozial interesgarria da ikustea nola ia denok lerrokatu dugun gure pentsaera gai honen inguruan, harrigarria nola eraiki dugun ideia kolektibo positibo hau. Koktelaren errezeta hau litzateke: kazetaritza estilo efektista + sare sozialek barreiatutako mezu positiboak (egiak zein fake news-ak) + konfinamendua (inoiz baino denbora gehiago leihoei begira) = happy flower mundua. Baina tira, ez diezaiogun besteei errua bota, agian gure subkontzientearen mekanismo bat izan da, nolabait errealitate paralelo positibo bat eraikitzearen beharra izan dugulako, bizi izaten ari garen urduritasunari aurre egiteko, itxaropen izpi bat hodeitzarren artean bilatze aldera.

Aurrerantzean, saiatu gaitezen leihotik begiratzen dugun bakoitzean halako antibirus bat jartzen, desinformazioaren kontrako filtro bat. Izan gaitezen kritikoak, zeren leihotik Peter Panen mundua iristen zaigun bitartean, gure espezieak natura txikitzen jarraitzen du, airea zikinduz, itsasoa pobretuz eta gure planetaren bioaniztasuna eta konplexutasuna sinplifikatuz. Eta mezu global hau gurera ekartzea ere badago, urrutira begiratu gabe, oraindik gure herrian ditugun altxor naturalei arreta gutxiegi jartzen baitzaio, eta tamalez udal-agendatik kanpo dagoen gaia jarraitzen du izaten.

Aitor Lekuona

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta