AIZA! aldizkariaren 7. zenbakia aurkeztu dugu gaur. Aurreko zenbakien helburu eta filosofiari eusten badio ere, nolabaiteko jauzia eman du zazpigarren zenbaki honek, batez ere kolaboratzaile kopurua kontuan izanik. 2016an argitaratu genuen lehen zenbakia eta dagoeneko 50 kolaboratzaile baino gehiagok jarri dute euren aletxoa. Azken zenbaki honetan hogei lagunek parte hartu dute, aldizkariko lan taldeko kideez gain.
Informazioa boterea da, eta AIZA!-k lehen unetik argi izan du boterea herriari eman behar zaiola. Egia da, aldizkariak udal taldearen informazioa zabaltzeko tarte bat baduela, baina zati oso txikia da gainontzeko gaiekin alderatuta. Abotsanitzekin zerikusi zuzena ez duten pertsonen ekarpenak dira AIZA!-ren protagonista nagusiak. Horrela izan da jaiotzetik, eta geroz era nabariagoa da hori. Informazioa herritarren eskura jarri nahi du AIZA!-k, eta hori lortzeko bide onena da aldizkaria bera jartzea herritarren eskura.
Hasieratik kulturan lan egiten duten herriko sortzaileentzako gune bat izan nahi zuen AIZA!-k eta, ibilbidea begiratuta, lortu dugula esan dezakegu. Batzuk ezagunak dira, beste batzuk oraindik ez hainbeste. Batzuetan banaka jartzen ditugu lanean, beste batzuetan elkarlana bultzatzen dugu. Ondorioa: aldizkaria oso parte hartzailea eta anitza dela.
Estiloari dagokionez, hasieratik zuri-beltzezkoa izateko apustua izan zen. Jakina, horrek mugak ditu, baina nortasuna ere ematen dio. Minimalista da, ausarta, dinamikoa, modernoa, irakurterraza…. Eta publizitaterik gabea, kanpoko diru-iturririk gabea, herriarekiko konpromisoaren adierazle gisa.
7.a, koronabirusarena
Koronabirusa da, halabeharrez, 7. zenbakiko ardatza. Itxialdian hasi ginen aldizkaria prestatzen eta ‘normaltasun berria’ delakoan bukatu dugu. Eduki askok pandemia dute gaitzat, hori bai, ikuspuntu oso desberdinetatik jorratuta: ingurumena, sorkuntza, ekonomia, politika… Covid-19a lanten duten ataletako bat Nekane Jurado ekonomilariari eginiko elkarrizketa luzea da, 7. zenbakiko eduki nagusietako bat.
Ezin ahaztu Jose Mari Erauskinen kolaborazioa. IRPH indizea dela-eta banketxeen kontra burutu duen gurutzada amaigabearen kontakizuna egiten digu abokatu hondarribiarrak.
Bestelako gaiak lantzen dituzten atalen artean daude ‘Bertsolaritza Hondarribian’ serieko seigarren kapitulua, klasiko bilakatu diren liburu eta musika kritikak, jarraikortasuna izateko asmoz abiatu dugun zinema kritika, eta abar.