Uztaila bukaera eta abuzturako kultur programazioaren aurkezpena egin zuen atzo udal gobernuak (ikusi hemen). Eta aurkezpenean, Txomin Sagarzazuk gezurra esan zuen, programa hau kultur eragile eta alderdi politiko desberdinekin antolatzen ari direla esan zuenean. Abotsanitzek udaberrian herriko eragileekin adostutako proposamenari ez diote erantzun ere egin, eta sinistuta gaude, aurten, koronabirusa dela-eta, nahitaez eragileekin adostu behar zirela ekintzak.
Adostua ez izatearen ondorioz, kultur ekitaldi gehienak (ia denak) publiko jakin bati zuzentzen zaizkie, eta, bai adinagatik, bai gustuagatik, hondarribiarren zati handi bat eskaintza horren kanpoan geratzen da. Eragileekin kontatu izan balute, hori ez litzateke gertatuko.
Abotsanitzek apirilean egin zuen lehen proposamena, baina ez diote kasurik egin, eta, korrika eta presaka, koronabirusaren aurretik programatuta zituzten ekitaldiak lekuz aldatzen saiatu dira. Hori baino ez dute egin. Horren ondorioz, aurkeztu duten ekitaldi zerrenda eskasa eta landu gabea da. Eta ez gara harrituko zerrendako ekitaldi bat baino gehiago ez bada burutzen, kontuan hartu beharreko zenbait gauza kontuan hartu ez direlako.
Zergatik diogun eskasa dela:
- Ekitaldi gutxi dira, oso gutxi. Lehenengoa uztaileko bigarren hamabostaldian. Seguru asko Gipuzkoako azken herria izango da Hondarribia udarako kultur ekitaldiak programatzen.
- Udaberrian herriko eragileek antolatutako ekitaldi gehienen alternatibarik ez du eskaintzen. Herri-kanta, Hondarribia Dantzan… Nekez piztuko dugu kultura, gehien sufritu dutenez ahazten bagara.
- Kultur diziplina batzuk ez ditu aintzat hartzen: musika garaikidea, artea, euskal dantza, zirkua…
- Herriko sortzaileez guztiz ahaztu dira. Non daude herriko musikari eta taldeak, dj-ak, dantzariak, aktoreak eta zuzendariak, artistak, ipuin kontalariak…?
- Auzoez ere ahaztu da Kultura departamentua, den-dena Alde Zaharrean edo Portuan programatu dute.
- Ez ditu eremu seguruak apenas sortzen, ekitaldi gehienak hutsik dagoen eremu batean egitekoak baitira. Aurkezpenean behintzat ez dute protokoloei buruzko azalpenik eman: ez zaintzaileez, ez seinaleez, ez azpiegituren tamainez…
- Eremu seguruen helburuetako bat hezitzailea beharko luke izan, eta helburu hori ez da beteko eremu seguruak ez baditugu eremu ez-seguruetatik gertu jartzen. Horregatik zen inportantea formatu txikiko ekitaldi seguru askoren bitartez kultura herrian zehar zabaltzea, jokabide seguruen kontzientzia hedatzeko.
- Gazteentzako alternatiba bakarra Psilocybeko taldeen kontzertua da, sarrera oso mugatuko eremu batean planteatzen dutena. Beste behin, udal gobernuak argi erakutsi du zein leku duten gazteek eta Psilocybek euren programazioan.
- …
Bagenekien horrelako zerbait gertatu zitekeela, eta hain zuzen ere horregatik, proposamena erabat landua aurkeztu genien: eragileekin elkartu, segurtasun protokoloari buruzko bilerak eduki, kontaktuak egin, eremu seguruak diseinatu, egutegia prestatu, aurrekontuak eskatu… Herriko hainbat eragileen ekarpenak jaso eta gero, kultura pizteko gaitasuna izango zuen proposamena aurkeztu genien, baita merkataritza eta ostalaritzan eragiteko balioko zuena.
Baina ez ziguten erantzun ere egin. Ez dira udal taldeekin ezta eragileekin elkartu, eta egin duten proposamena euren borondate ezaren ispilu da: eskasa baino eskasagoa. Eta, aurten, gertatu denarekin, kultura sektoreak ez zuen hau merezi.