… Eta orain, tanatorioa

Aste honetan Hondarribiko Gabarrari kalean tanatorioa eraikitzeko lanak hasi dira. Benetako eskandalu urbanistikoa da, zentzu askotan.

Batetik, Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenak plan orokorra ilegala dela ebatzi duelako. Halere alkateak ez ditu lanak gelditu, jakinda, sententzia irmoa denean, obra legez kanpokoa izendatuko dutela.

Bigarrenik, Gabarrari kalean legez itsas jarduerari lotutako enpresak bakarrik ezarri daitezkeelako. Eta tanatorio bat ez dago jarduera horien artean, Ura agentziak 2019an proiektuaren kontrako txostena kaleratuz argi utzi zuen bezala. Horregatik, tranpa egin dute enpresak eta EAJk, proiektutik ‘tanatorio’ hitza ezabatu eta ‘eraikin singular’ bezala izendatuz.

Eta hirugarrenik, koronabirusaren eraginez herrian egin behar diren obra txiki guztiak geldirik daudelako, udalak ez dielako baimenik ematen. Baina bistan denez, herritar soilek behar dituzten lizentziak bakarrik daude geldirik, boteretsuei alfonbra gorria jartzen baitie udal gobernuak, legez kanpoko obrak egiteko badira ere.

Beste behin ere gauza bera egin du EAJk, beste tranpa bat, beste pelotazo bat, beste eskandalu urbanistiko bat, beste gezur bat. Eta herritarrak gogaituta daude dagoeneko.

Tanatorioa Gabarrari

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta