Soluzio eske Mendeluko enbuturako

Hondarribiko udal talde guztiak Balazta bizikleta erabiltzaileen elkarteko ordezkariekin batzartu gara gaur. Mendeluko enbuturako berehalako irtenbidea eskatu digute Balaztako kideek. Nabarmendu dutenez, Amuteko eta Zubimuxuko biribilguneen artean denei eragiten dien segurtasun arazo larria dago: bizikletei, ibilgailuei, eta oinezkoei, errepidetik ausartzen ez diren txirrindulariak espaloi estuetatik ibiltzen direlako.

Arazoa azaleratzeaz gain, mahai gainean soluzioa jarri du Balaztak: Mendelu zeharkatzen duen errepide zatia ’30 eremu’ izendatzea eta bi norabideetan bizikletentzako 1,20 metro zabalerako errailak margotzea. Hala, ibilgailuek errepidean bizikletaren batekin topo eginez gero, bere atzetik joan beharko lukete, baina aurreratzeko aukera edukiz, beti ere paretik beste ibilgailu bat ez badator eta 30 kilometro orduko abiadura gainditu gabe.

Abotsanitzek bat egin du Balaztaren proposamenarekin, eta beste urrats bat ere emateko eskatu dugu: asteburuetan Kosta kalean egiten ari diren gauza bera Mendelun errepikatzea: hau da, udako larunbat eta igandeetan Mendeluko errepidea erabili ahal izatea bakarrik auzotarrek, txirrindulariek, garraio publikoko ibilgailuek eta emergentziazkoek. Herritik atera edo herrira sartu nahi duten gainontzeko ibilgailuek ospitaleko biribilgunetik egin beharko lukete. Esan bezala, udako asteburuetarako neurri gisa proposatu dugu hau, berehala martxan jartzeko.

Badira urte batzuk Mendelu ’30 gunea’ izendatzea eskatu genuela. Orain arte ez digute kasurik egin, baina orain da momentua berriro aldarrikatzeko, Balaztaren eskaera aprobetxatuta. Koronabirusak bizikleta erabiltzaileen hazkundea ekarri du, baina Hondarribian ez da segurtasun neurri eraginkorrik hartu. Horregatik, bi proposamenei -Balaztarena eta gurea- heltzeko eskatzen diogu EAJri. Ziur gaude, bizikleta erabiltzaileen segurtasuna handitzeaz gain, oinezkoena ere handituko litzatekeela, eta Irun eta Hondarribia artean ibilgailu askoz gutxiago ibiliko liratekeela.

Balazta Mendelu
Balaztak egindako proposamenaren azalpen bat

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta