Eragileek azalpen bat merezi dute

Udal gobernuak ez du aztertu ere egin Abotsanitzek kultur eragileekin adostutako proposamena

Uztaila iritsi da, normaltasun berrian sartu gara, eta erantzunik ere ez. Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak ez du aztertu ere egin Abotsanitzek uztailera eta abuztura begira herriko eragileekin batera adostutako Kultur Proposamena.

Ez da izango denbora ez dutelako eduki. Apirilean banatu genien lehen zirriborroa udal taldeei. Ondoren eragileen ekarpenak jaso genituen eta maiatzean proposamen osatua aurkeztu genuen.

Ez da izango ez zegoelako landua. Proposamenak hemezortzi programa biltzen zituen, dozenaka ekitaldi herriko hainbat guneetan, dozenaka kontratazio kultur sektorea pizteko, ostalaritza eta merkataritza arloetan eraginez gainera, kultur eta gizarte eragileekin adostuta zegoen, antolakuntza zehaztuta, Eudelen osasun gomendioak gainditzen zituen…

Ez da izango lana erraztu ez genielako. Kultur arlo eta modalitate desberdinetako dozenaka pertsona kontaktatu, programa bakoitza goitik behera landu, aurrekontuak prestatu, ordutegiak zehaztu, osasun protokoloei lotutako mapak diseinatu…

Laguntzeko egin genuen, borondate onez eta arduraz. Ez beraien programazioa ordezkatzeko, osatzeko baizik. Baina aztertu ere ez dute egin. Hainbatetan eskatu eta gero, maiatzaren 29an bilera birtual batera gonbidatu ziguten, eta berriro deituko zigutela baino ez ziguten esan. Hori izan da guztia. Ez dugu inoiz jakin zein programa gustatzen zitzaien eta zein ez. Ez dugu inoiz jakin beraiek zer ari ziren prestatzen. Inolako informaziorik ez, inolako erantzunik ez, uztaila iritsi den arte, beranduegi izan den arte.

Kultur departamentuak azalpenak eman beharko lizkieke herriko kultur eragileei. Beraiekin ez elkartzeko, erantzunik ez emateko arrazoia zein den jakin beharko lukete. Kultura departamentua sektoreaz zergatik ahaztu den jakin nahiko dute.

Abotsanitz Udal Taldeak herriko ekonomia pizteko kultur proposamen bat aurkeztu zuen herriko eragileekin adostuta. Eta udal gobernuak ez du erantzun ere egin. Horrek azalpen bat behar du.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta