Hondarribia berdeagoa da atzotik

Abotsanitzek aurkeztutako glifosatoaren kontrako mozioa onartu du plenoak aho batez

Glifosatoa duten produktuak gehiago ez erabiltzea erabaki zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. Alderdi guztiek bat egin zuten Abotsanitz Udal Taldeak aurkeztutako mozioarekin.

Orain arte udal lorezainek eta azpikontratatutako enpresak toki publikoetan erabili izan dute glifosatoa. Munduan gehien erabiltzen den herbizida da, oso eraginkorra eta merkea delako. Baina, era berean, inguramenari kalte izugarria eragiten dio eta Osasunaren Munduko Erakundearen arabera minbizia eragin dezake.

Abotsanitzek txalotu egin du Udalbatzaren erabakia. Mozioa aho batez onartu zen eta udal gobernuko kideak konprometituta ikusi genituen glifosatoaren erabilerarekin amaitu eta beste alternatibak erabiltzeko.

Covid-19aren pandemiak erakutsi digu modu osasuntsuago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoan bizi behar dugula, eta glifosatoari ezetz esatea sekulako urratsa da bide horretan. Pozik esan dezakegu, aurrerantzean, orain arte zena baino berdeagoa izango dela Hondarribia.

Hauek dira onartutako mozioak biltzen zituen bost puntuak:

  1. Hondarribiko Udalak ez du glifosatoa osagai duen produkturik erabiliko herriko belardi, parke eta lorategietan.
  2. Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza enpresari glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko dio.
  3. Hondarribiko Udalak herriko nekazariei glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko die.
  4. Europako Batasuneko legedia errespetatuz, udal araudi bat egingo da osagai hori duen produkturik erabili behar duen edonork legedia errespetatu dezan eta kutsadura kalteak herritarrek ez ditzaten pairatu.
  5. Informazio kanpaina egingo da hondarribiar orok ezagutza izan dezan bitarteko ekologikoak egokiagoak direla beti gure ingurune, osasun eta biodibertsitatearen ikuspegitik.
Glifosato baluartea
Hondarribian toki publikoetan erabili izan da glifosatoa