Sagarzazuk XX mendera eraman gaitu bueltan

Abotsanitzek prentsaurrekoa eskaini du Zaldunbordan plan orokorraren sententzia baloratzeko

Ilegala zela esan genuen, baina ez ziguten kasurik egin. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) jarritako zazpi helegiteetako baten sententzia ezagutu dugu, eta ziur gaude beste sei helegiteenak ere antzerakoak izango liratekeela. 2017 urtean esan genuen hau gertatuko zela, dokumentua irregulartasunez beteta zegoela, eta halere Txomin Sagarzazuk aurrera jarraitzea erabaki zuen. Denetarik esan ziguten, gezurretan ari ginela, manipulatzaileak ginela, herriaren kontra ari ginela, erotuta geundela… Orain, epaileak arrazoia eman digunean, nor da gezurtia, nor da manipulatzailea, nor dago herriaren kontra?

Plan Orokorra ezereztatzearen ondorioak zenbatezinak dira. Etxebizitzak bakarrik kontuan izanik 1.500 familiei eragingo die, 17.000 biztanleko herri batean. Ehunka obra txiki geldituko dira, eta hiru urte hauetan egindako hainbat ordenamenduz kanpo geratuko dira… Atzerapausoa ikaragarria da, 1998ko arau subsidiarioetan oinarrituta jardun beharko dugulako. Sagarzazuk XX. mendera eraman gaitu bueltan.

Barregarri geratzen ez jarraitzeko eskatzen diogu Sagarzazuri. Ez dezala errekurritu. Duela hiru urte ebazpen hau iritsiko zela zekien bezala, badaki errekurtsoak ez duela inongo ibilbiderik. Bere irudia are eta gehiago kaltetzea baino ez du lortuko. Nahikoa da, ez gehiago xahutu hondarribiarren dirua.

Zaldunbordako megaoutletaren proiektua gelditzea albiste oso ona da herriarentzat, baita eskualdearentzat ere. Sagarzazuk ezingo du tranpa gehiagorik egin proiektu hau aurrera ateratzeko. EAJk bakarrik bozkatu zuen plan orokorraren alde, gertuko pertsonen mesederako diseinaturiko dokumentua zelako. Horregatik, EAJri eskatzen diogu, hausnartu dezala, eta hitz egin dezala bere jendearekin, ez diezaiotela ardura patrimonialik eskatu herriari megaproiektua bertan behera gelditzeagatik.

EAEko erakunde ikertuena da Hondarribiko Udala. Duela gutxi Eusko Legebiltzarrak Hondarribiko Udala eta Hondarribia Lantzen sozietate publikoa ikertzeko eskatu zion Herri Kontuen Euskal Epaitegiari. Aurretik, bai epaitegi horrek baita Madrilgo Kontu Epaitegiak ere, Hondarribiko Udalaren irregulartasunak jaso izan dituzte haien txostenetan. Hondarribiko Udala irregulartasun sistematikoan murgilduta dago eta sententzia hau horren beste adierazle bat da.

Herritarrak dagoeneko nazkatu dira. Montai kasua, Zaldunbordako pelotazoa, Vusaren duplex etxeak, tanatorioa, Solbesko adokinak, Basakoko luxuzko pisuak, Alde Zaharreko Plan Berezia, Mendelukoa… Nazkatuta kontratazio irregularrekin, udal gobernuaren gardentasun faltarekin, nazkatuta lehen eta bigarren mailako hiritarrak egotearekin, proiektuetan baino diru gehiago propagandan gastatzen dela ikustearekin… Herritarrak nazkatuta daude udal gobernuaren gezurrekin.

Duela hiru urte esan genion Sagarzazuri sententzia hau iritsiko zela, eta halere aurrera jarraitzea erabaki zuen. Gehiengo absolutuaz abusatu du, dekretu kolpez gobernatuz. Oposiziotik laguntza eskaini zaion aldiro alboratu egin du. Plan orokorraren eztabaidan ere hala jokatu zuen, eta hau da ondorioa. Sagarzazu eta bere alderdia dira epaileak plan orokorra bertan behera utzi izanaren arduradun bakarrak. Beraiek egin diote hau herriari, ez epaileak. Horregatik, hauxe esan nahi diegu: eman dezatela maila behingoz, eta euren ardura onartu.

Zaldunbordan eman dugu sententzia baloratzeko prentsaurrekoa

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta