Lanpostuak sortzeko eskatuko dugu ostegunean

Udal langile taldea osatzeko beharra aldarrikatuko dugu mozio bidez

Hondarribiko Udalak duen arazo larrienetako bat, larriena ez bada, pertsonalarena da. Batetik, langile taldeko lanpostu asko bete gabe daudelako. Eta bestetik, langileen %60tik gora behin-behinekoa delako.

Koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egiteko baliabide nahiko ditu Hondarribiko Udalak. Modu askotara lagundu dezake, eta horietatik eraginkorrena, lanpostu publiko eta iraunkorrak sortzea da.

Abotsanitz Udal Taldeak udaleko langileen inguruko lanketa sakona egin du, departamentu bakoitzaren egoera aztertuz eta gabeziak detektatuz. Hala, ekaineko osoko bilkuran eztabaidara eramango du. Aurkeztutako mozioan honako puntuak bozkatzea proposatzen dugu:

1.- 2015etik 2019 arteko epean onartuta dauden Enplegu Publikorako eskaintzak ekitaldi honetan gauzatzeko konpromisoa hartzea.

2.- 2015 aurretik kontratatuta ditugun aldi baterako kontratu bidezko langileak eta obra modalitatez edo zerbitzu zehatzetarako kontratatutakoak lanpostuen zerrendan sartzea eta kontratazioa egonkortzeko konpromisoa hartzea.

3.- Erretiroa hartzen duten langileen kontratazioa gauzatzeko konpromisoa hartzea.

4.- Lanpostuen zerrenda berri bat egikaritzeko beharrezkoa den lanketa partekatua abiatzea, 2021 urte amaieran indarrean izateko konpromisoa hartuz.

5.- Azpikontratatutako zerbitzuen bidez eskaintzen diren udal zerbitzuak udal langilego propioaren bitartez eskaintzeko hausnarketa prozesua irekitzea.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta