Abotsanitzek Patximoskeneako obraren kontrol jarraitua eskatu du, udal zerbitzu teknikoek 2019an salatutako irregulartasunen antzekoak antzeman eta gero. Dirudienez, Vusa eraikuntza enpresak baimendutako proiektua eraldatu du etxebizitzak eta trastelekuak elkartzeko, lurzoruaren eraikuntza maila gaindituz eta suteen aurkako babesa ahulduz.
Muliate eremuan Vusak 2019an entregatutako zenbait etxebizitza pribatuetan gertatu bezala, Hondarribiko Udaleko zerbitzu teknikoek irregulartasun larriak antzeman dituzte enpresa berak Saindua eta Tximista kaleen artean eraikitzen ari den Patximoskenea promozioan. Apirilaren 29ko udal arkitektoaren txostenak agerian uzten du Vusak hasierako proiektua eraldatu egin duela, etxebizitzak eta gune auxiliarrak lotzea ahalbidetuz. Hori guztiz debekatuta dago, besteak beste, eraikuntza maila gainditu eta suteen kontrako erresistentzia murriztuko lukeelako.
Patximoskeneako lanek 2018ko urrian jaso zuten eraikuntza baimena. Baina baimen horretan dagoeneko adierazten zen aurkeztutako proiektuan aldaketan egin beharko zirela, zehazki, sestra azpiko txokoetan. Txokoetako komunak kendu beharko zituen enpresak, eta ezingo luke etxebizitzen lokal nagusirik txokoetan eraiki (logelak, egoteko guneak…). Horrez gain, sestra azpiko distribuzioan aldaketan egitera behartzen zuen enpresa, independentziako atarteak zirkulaziorako soilik izan daitezkeela ohartaraziz, eta ez etxebizitzen erabilera osagarri gisa erabiltzeko. Alegia, txokoak eta goiko etxebizitzak elkartuz duplexak ezingo zituela sortu esaten zitzaion enpresari.
Lanak aurreratuta zeudenean, aurtengo apirilaren 28an udal zerbitzu teknikoek beste irregulartasun bat antzeman zuten. Oraingoan, udal teknikariek ikusi zuten azken solairuko forjatuetan baoak egin direla eta zulo horiek azken solairua estalkipeko solairuekin lotzea baimentzen dutela. Hau da, bao horiek etxebizitzak eta trastelekuak eskailera baten bidez lotzea baimentzen dutela, duplexak egitea ahalbidetuz.
Maiatzaren 4an alkateak sinatutako dekretuaren bitartez, egindako baoak berehala kentzeko eta forjatua onartutako proiektuan adierazten zenaren arabera eraikitzeko exijitu zitzaion enpresari. Era berean, Patximoskenea SL enpresaren kontrako zehapen espedienteari hasiera ematea aztertuko dela gaineratzen du dekretu horrek.
Berrerortzea izan liteke
Ez da lehen aldia Vusa eraikuntza enpresarekin antzeko zerbait gertatzen dena. Azaroan Abotsanitzek salatu zuen 2019an zehar Muliateko hiru promozioetan irregulartasunak antzeman zirela, hirurak Vusarenak. Ikusketa teknikoek ondorioztatu zuten lanak ez zirela baimendutako proiektuei jarraituz egin, baina egun gutxietara enpresek bizigarritasun baimenak jaso zituzten, baita irregulartasunak zuzendu gabe jaso ere.
Patximoskenean bezala, 2019an bukatutako obretan ere etxebizitzak eta trastelekuak elkartu zituen Vusak, zerbitzu teknikoen jakinarazpenei muzin eginez.
Saindua-Tximistako baimena Patximoskenea SK enpresaren izenean dagoen arren, obrako kartela Vusarena da, eta Patximoskeneako ordezkari legalak aurreko lanetan Vusaren ordezkari izan ziren pertsona berberak dira. Hortaz, gertatutakoa berrerortzea izan daiteke.
Aurrekariak ikusirik, eta enpresako arduradunekiko konfiantzarik ez dugunez, Abotsanitz Udal Taldeak Patximoskeneako obraren kontrol jarraitua egiteko eta kontrol horren txostenak oposizioko lehen alderdiarekin konpartitzeko eskatu du Hondarribiko Udalean.