Hondarribiak eremu seguruak behar ditu

Kalera atera den edozein konturatuko zen. Eremu seguruak behar dira Hondarribian. Herriko leku asko gainezka egon dira asteburuan eta horrek asko zailtzen du koronabirusaren pandemia dela-eta jarraitu beharko genituzkeen gutxieneko neurriak betetzea. Orain horrela bada, nola egongo ote gara uztailean edo abuztuan!

Hondarribiak eremu seguruak behar ditu, auzo guztietan, herritarrek kalera lasaitasunez atera ahal izateko. Eta Abotsanitzek herriko eragileen ekarpenak bilduz aurkeztu duen kultur proposamenak hori bera bermatzen du, Eudelek kultur ekitaldiak antolatzeko gomendioak barneratzen dituelako, besteak beste.

Ostiralean Kultura departamentuarekin elkartu ginen proposamena aurkezteko. Berriro elkartzekotan geratu ginen. Azkar izatea espero dugu, ez dadin beranduegi izan. Kultura sektorea piztu eta ostalaritzan eta merkataritzan ere eragin nahi du, herritarrentzako eremu seguruak sortuz.

Proposatutako ekitaldi bakoitzak berezko segurtasun neurri batzuk ditu: aforo mugatua, markak lurrean segurtasun tarteak bermatzeko, osasun gomendioak jasotzen dituzten seinaleak, zaindariak, ezinbestean maskara erabili beharra…

Hemezortzi programa, dozenaka ekitaldi, Hondarribiko ekonomia pizteko, eta herritarrek gozatzeko. Ekitaldi txikiak gehienak, 50-100 lagunentzako sortuak, baina baita handiagoak ere, horien artean hiru eszenatokietan egingo litzatekeen Herri Kanta 3.0 jaialdia (750 lagunentzako tokia izango duena, orotara), edota bi egunez eta bi eszenatokitan banatuko litzatekeen musika jaialdi ibiltaria (250 lagunentzako lau saio).

Irudietan bi adibide agertzen dira. Bata, ostiral arratsetan kontzertu lasaiak egiteko eremuetako bat, kirol kaiko eskaileren parean. Lurrean 104 marka ezarriko dira, marka bakoitzean pertsona bat edo familia bereko bi, eta marka eta marka artean bi metroko distantziarekin.

Kontzertu lasaiak
Kontzertu lasaien eremuetako bat, kirol kaian

Bigarrena, Baluarteko iluntzeak programarako egokitutakoa. 20 lagun edo bikoteentzako gunea. Erreginaren Baluartean, diziplina desberdinetako formatu txikiko baina teknikoki landutako emanaldiak eskaintzea proposatu dugu. Larunbat gauetan izango lirateke, emanaldi bakoitzeko bi pase eginez.

Kultur proposamena Baluartea
Baluartean formatu txikiko emanaldiak egingo lirateke

Bi adibide dira. Kultur departamentuan aurkeztu dugun proposamenak hogei eremu seguru baino gehiago jasotzen ditu, herriko ekonomia piztearekin batera hondarribiarrek kulturaz gozatu dezaten.

Herri Kanta 3.0’, abuztuan eta hiru eszenatokietan

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta