Hondarribiko Udalak lanpostuak sortuz erantzun behar dio pandemiari

Udal langile zerrendako hutsuneak betetzeko exijitzen diogu EAJri

Koronabirusak lurrikara eragin du gure gizartean, arlo sozialean bezala, baita ekonomikoan ere. Inork ez daki zein bilakaera izango duen eta, horregatik, goiz da pandemiaren ondorioak epe luzerako begirada batekin aztertzeko. Nolanahi ere, erakunde publikoak normaltasunera bueltatzeko prestatu behar dira, herritarrek administrazioarekin duten harreman zuzena berreskuratu dezaten. Honetarako ezinbestekoa da administrazioaren makinaria %100ean martxan jartzea. Jakina, hori egin ahal izateko segurtasun neurriak zehaztu eta eskainiko diren zerbitzuen plangintza bat prestatu behar da.

Hondarribiko Udalak baditu baliabide nahikoak osasun krisiari erantzuteko. Urtetik urtera gastatzen duena baino gehiago biltzen du, eta dagoeneko 54 milioi euroko soberakina pilatu du. Dirua soberan, eta langileak faltan. Krisiak eragingo duen langabezi tasen igoerari erantzuteko gai izan behar da udala, pandemiaren kontrako eragile bilakatuz.

Urtetik urtera, pertsonal atalean aurreikusitakoa baino gutxiago gastatzen du Hondarribiak. Inguruko udalekin alderatuta, langile gutxiegi ditu, eta behin-behinekotasun tasa erraldoia. 2017 urtean onartutako legearen arabera, 2020 urtea bukatu baino lehenago %7tik beherakoa izan behar da behin-behinekotasuna. Egun, %60koa baino handiagoa da. Jaitsi beharrean, gora egiten ari da, gainera. 2017 urtean 20 langile interino zeuden udalean; egun 25 dira. Eta denbora epe berean, funtzionario kopurua 47tik 36ra murriztu da.

Hemezortzi lanpostu bete gabe
Behin-behinekotasunaz gain, Hondarribiko Udaleko lanpostuen zerrendako 18 lanpostu bete gabe daude, 2017an baino 6 gehiago. Eta azken hiru urteetan onartu diren lan publikorako eskaintza bat bera ere ez da gauzatu. Orotara, 25 lanpostu sortzea onartu dugu udalean azken hiru urteetan. Guztiak exekutatu gabe daude. Eta badira hamar urte baino gehiagoz sortu gabeko lanpostuetan lanean ari diren udal langileak.

Lanpostuak sortzea. Hori da Hondarribiko Udalaren modu onena osasun krisiak eragindako kalteak zuzentzeko, lanpostu publiko eta iraunkorrak sortzea. Langile taldea osatu, gizartean eragiteko eta, era berean, erakundearen arazo kronikoak behingoz zuzentzeko.

Hori guztiagatik, ofizialki publikatuta eta irekita dauden lan eskaintza publiko guztiak berehala gauzatzeko eta hutsik dauden udal langile zerrendako lanpostuak osatzeko prozesuak irekitzeko exijitzen diogu udal gobernuari.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta