‘Itxeki Hondarribia!’ ez da udal taldeok adostu genuena

EAJk murrizketak egin dizkio urgentziazko diru-laguntzen programari, inorekin kontsultatu gabe

Txomin Sagarzazu alkateak aurkeztutako ‘Itxeki Hondarribia!’ diru-laguntzen programa ez da Hondarribiko Udal Taldeek adostutakoa. EAJren udal gobernuak murrizketa asko eta garrantzitsuak egin ditu eta, besteak beste, adostutakoaren oinarria ziren berehalakotasuna eta unibertsaltasuna desagertu dira testutik. Alkateak gezurra esan zien komunikabideei laguntzak aurkeztu zituenean. Aurkeztutakoa ez da beste taldeekin adostutakoa, ezta herriko eragile ekonomikoekin eginiko bileran azaldutakoa.

Apirilaren 17an Hondarribiko familia eta enpresentzako premiazko diru-laguntzak onartu genituen Hondarribiko Udaleko udal talde guztiok. Hamar egun lehenago Abotsanitzek eginiko proposamena izan zen akordioaren oinarria, baina talde guztien arteko lanketaren ondorioz akordio batera iritsi ginen.

Akordioaren ezaugarri nagusiak berehalakotasuna eta unibertsaltasuna ziren. Hau da, ezohiko krisi egoera bati aurre egiteko kaltetutako familia eta enpresa edo autonomo guztiei laguntzeko urgentziazko diru-laguntzak ziren, beste erakundeek aurrerago aterako zituztenekin bateragarriak izango zirenak.

Guk nahi genuena baino beranduago adostu genuen eta akordioak nahi genituen kantitateak baino txikiagoak jasotzen zituen. Baina onartu genuen, talde guztiek esfortzua egin genuen adostasuna lortzeko. Maximoak alboratu behar izan genituen eta minimoetako akordio bat onartu genuen apirilaren 17an, gure zenbait eskakizun albo batera utziz.

Askotan egin izan duten arren, oraingoan ez genuen inondik inora espero EAJk bere kabuz akordioa aldatuko zuenik, gaiaren garrantzia eta egoera kontutan izanik. Dagoeneko Gipuzkoako Boletinera bidalita zegoenean jaso genuen dokumentu berria, eta inork ez zigun aurretik jakinarazi bertan murrizketak azalduko zirenik.

Adostutakoaren kontra, Hondarribia itxeki! programako diru-laguntzak ez dituzte jarduera ekonomiko guztiak aintzat hartzen. Gainera, jasotzeko kopurua hainbat kasutan murriztu egin da eta tramitazioaren ondorioz behar baino gehiago atzeratuko da laguntzak jasotzeko unea. Hori ere, adostutako akordioak bilatzen zuenaren guztiz kontrakoa.

Udal gobernuak hitza jan du, eta akordioa puskatu. Hortaz, Abotsanitz Udal Taldea ez da Sagarzazuk aurkeztutako ‘Itxeki Hondarribia!’ programarekin identifikatuta sentitzen. Aurkezpen horrek lotura handiagoa du publizitatearekin, laguntza emateko asmoarekin baino. Ez duelako ez adostutakoa, ezta eragile ekonomikoekin bileran adierazitakoak ere errespetatzen.

Alkateari gure haserrea helarazi diogu. Bileran, akordioa errespetatzeko asmoa zuela adierazi zuen alkateak. Baina ez du egin. Zeinek behartu du alkatea diru-laguntzak murriztera? Zein eta zergatik ari da zauriaren gainean piko egiten?

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta