Kultur leherketa bat ekonomia pizteko

Abotsanitz Udal Taldeak kultur arloko hainbat proposamen egin ditu, koronabirusari aurre egiteko itxialditik ateratzen garenean abian jartzeko. Hondarribiko Udalean ordezkatuta dauden alderdiak udalerriko ekonomia pizteko diru-laguntzak eztabaidatzen ari gara asteotan, eta eztabaida horretan txertatzeko proposamenak dira. Kultur leherketa bat da proposatzen duguna, hori bai, jende pilaketarik eragingo ez lukeen hainbat kultur arlotako ekitaldi multzo zabal bat.

Osasun krisiak kalte ikaragarria eragin dio kulturari, ekitaldi guztiak bertan behera geratu direlako eta kultur arloko profesionalak diru sarrerarik gabe geratu direlako. Hondarribian, sektore kaltetuenetakoa izan da, merkataritza eta ostalaritzarekin batera. Horregatik, merkataritza eta ostalaritzari ere on egingo lieken hainbat kultura proposamen egin ditu Abotsanitz Udal Taldeak, kulturak ekonomia pizteko gaitasuna duela sinetsita gaudelako. Proposamenetako asko berritzaileak dira, inoiz egin gabekoak, baita egin izan diren beste batzuen moldaketak ere.

Kultur leherketa bat da proposatzen dena, ekitaldi txiki asko, eta askotarikoak. Izan ere, egoerak hala behartuta, ezingo dira jende asko bilduko duten ekitaldiak antolatu, eta horren ordez, jende gutxi elkartzeko ekitaldi asko proposatzen ditugu. Dozenaka ekitaldi dira, hainbat programatan banatuta. Ia guztiak ostalaritza eta merkataritza guneetan antolatzekoak dira, baina ez ohiko lekuetan bakarrik, baita ohikoak ez diren beste askotan ere, besteak beste, auzoetan.

Proposatzen diren jarduera edo programa gehienetan, herriko eragileen parte hartzea aurreikusten da, bai antolatzaile bezala, bai laguntzaile gisa. Hondarribiko Udalak ekitaldiak finantzatzea proposatzen dugu. Baina herriko eragileen laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke proposatzen diren jarduera edo programa guzti horiek abiatzea. Horregatik, herriko kultur eragileekin harremanetan jartzen hasi da Abotsanitz, udal taldeei banatu zaizkien proposamenen berri emateko eta haien ekarpenak jasotzeko.

Ekonomia pizteko kultur proposamenak

1. Igandetako matinalak

Zine proiekzioak Itsas Etxean igande goizetan, 11:00etan. Sarrera bakoitzeko 1 euroko deskontua Portuko tabernetan kontsumitzeko, zine-forum informalak egiteko.

Proiekzioak zikloka planteatzen dira, txandaka:

a) Klasikoak zinefiloentzat, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin.

b) Euskarazko klasikoak.

d) Musikalak eta musikari lotutakoak.

e) Bestelakoak: familiarrak (euskaraz), komertzialak, umorezkoak, larunbatetakoak berriro…

2. Musika kalean

Herriko eragileek antolatuta ordutegi eta gune komertzialetan (Alde Zaharra eta Damarri, Portua, Kirol kaia, Sokoa, Puntala, Amute eta Mendelu), musikari lotutako hainbat jarduera planteatzen dira.

a) Herriko musikari eta taldeen kontzertu lasaiak (dezibelioak jaitsita).

b) Psilocybeko musikari eta taldeen entseguak jendaurrean.

d) Baserritarren azoka dj-ekin girotu.

e) ‘Bermut musikalak’. Hilero bi larunbatetan Alde Zaharreko hiru ostalaritza guneetan (Arma Plaza, Apezkiku plaza eta Gipuzkoa plaza), aldibereko dj emanaldiak.

f) Psilocybek antolatuta, bertako eta inguruko (Bidasoa, Oarso, Bortziriak) musikari eta taldeekin bi eguneko jaialdi ibiltaria (taula txikiak herrian zehar: Amuten, Arma Plazan, Portuan eta Kirol kaian). Bestelako ekitaldiak gehitu daitezke: haurrentzako tailerrak, magia, kale antzerkia…

3. Zirko txikiak parkeetan

Zirkoari lotutako jarduerak: malabareak, herriko ipuin kontalariak… Ordutegi komertzialean (ostiral arratsaldean edo larunbat goizetan). Ez ohiko lekuak planteatzen dira: Amuteko haur parkea, Mendelukoa, Sokoakoa, Kandido Saseta plaza, Puntalekoa…

4. Baluarteko iluntzeak

Afalosteko emanaldiak (musika, dantza, antzerkia…) Erreginaren Baluartean. Ondo aukeratutako emanaldiak izan behar dira eta aurretik lan tekniko bat beharrezkoa litzateke. Creacity programaren barruan kokatu daitezke.

5. Dantza plazara

Kemen Dantza Taldeak bertan behera utzi behar izan ditu Hondarribia Dantzan jardunaldiak. Hutsune hori nolabait konpentsatzeko ideia batzuk proposatzen dira:

a) Udaran zehar euskal dantza emanaldi bat antolatzea, Kemeneko dantzari eta musikariekin eta, ahal bada, beste talde baten parte hartzearekin. Ideia hau ‘Baluarteko iluntzeak’ programan txertatu daiteke.

b) Kemenek entseguren bat kalean egitea, ‘Musika kalean’ programan proposatzen diren entseguetako bat izan liteke.

d) Hondarribia Dantzanen egiten duen bezala, Kemenek plazako dantzen hiru eguneko ikastaroa antolatzea, baina Santiago plazan burutzea ikastaroa. Laugarren egunean, erromeria Santiago plazan, Kemeneko musikariekin lagunduta.

e) Adaxka Eguna egiteko aukera aztertzea.

Horrez gain, Zumardikoak Kultur Elkarteari muxikoen aldizkotasuna bikoizteko aukera galdetzea proposatzen dugu. Baiezkotan, bigarren egun hori Damarri ez beste ostalaritza eremu batean egin liteke Kirol kaia, Amute, Puntala, Kandido Saseta plazan…

6. Iluntasunetik argira

Konfinamenduaren bukaera kolore festa izatea proposatzen dugu, askatasun kontrolatu horren protagonistetako bat artea izatea. Horretarako hiru proposamen hauek egiten ditugu:

a) Konfinamenduan eginiko artelanen erakusketa/azoka handia. Herriko artistekin kontaktatu eta bakoitzari pieza bat edo bi pieza eskatu. Herriko hainbat guneetan egin daitezke erakusketak, edota azoka antzerako bat antolatu.

b) Artista ezagun bati eskatzea Portuko pareta zuri bat margotzeko. Artistak ordutegi komertzialean egingo luke lan, herriko artisten laguntzarekin.

d) Udal aurrekontuan onartutako Mendeluko murala proiektuaren parte hartze prozesua lehenbailehen martxan jartzea, murala udaran zehar margotu ahal izateko.

7. Ondarea gazteen begietatik

Arma Plaza Fundazioak Ezagutu Zure Hiria programaren antzerako zerbait antolatzea proposatzen da, baina gazteak protagonista izanda. Herriko historia, arkitektura, arkeologia, biologia, arte ederrak… lizentziatu gazteen hitzaldiak edo bisita gidatuak, euskaraz beti. Ezohiko formulak aztertu daitezke: hitzaldia eta pintxo-potea uztartu, edo bisita gidatua eta bertso-kalejira bateratu.

Gorka Sarriegi Migel Zeberio
‘Baluarteko iluntzeak’ programan teknikoki landutako ekitaldiak egingo lirateke

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta