Espainiako Gobernuko dekretuak betearazteko Eusko Jaurlaritzak helarazitako irizpideak ez ditzala gainditu eskatu dio Abotsanitz Udal Taldeak Hondarribiko Udaltzaingoari.
Gehiegikeriak salatuz hiritar askoren kexak iritsi zaizkigu. Herritar soilen kexak, txakurren jabeenak, merkatarienak, ostalarienak, lanbidez baserriko produktuen ekoizleak direnenak, baratza dutenenak…
Muturreko egoera batean bizi gara eta hiritarren mugitzeko eskubidea izugarri murriztu da. Eta ulertzekoa da Udaltzaingoak hori zaindu behar izatea. Baina beti ere eskubiderik urratu gabe, mehatxuetan ibili gabe, egoera honetarako onartu diren lege bereziak inolaz ere gainditu gabe, zentzuz jokatuz eta, beti, hiritarrarekiko errespetu osoz.