Premiazko laguntzak ezin dira gehiago atzeratu

Koronabirusaren eraginez ondorio ekonomiko larriak pairatzen ari diren familia asko dago Hondarribian. Saltoki edo tabernako pertsiana jaitsi behar izan dutenak, aldi baterako lan erregulazio espedientea jaso dutenak… Diru-sarrerak izugarri murriztu zaizkien baina ohiko gastuei aurre egin behar dieten familiak dira. Familia horiek hilabete bukaerara iristeko laguntza behar dute.

Udala erakunde gertuena izan beharko litzateke, baina ez da izaten ari. Duela astebete udal gobernuak merkatarientzako laguntzak onartuko zituela aurreratu zuen komunikabideen bitartez, baina oraindik ez du proposamenik aurkeztu.

Badira hamar egun Abotsanitzek enpresentzako nahiz familientzako laguntza sorta bat proposatu zuela, gerora Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak edo Estatuak emango dituenen osagarri izango liratekeenak. Emergentziazko eta ez-ohiko diru-laguntzak dira proposatzen ditugunak.

Era berean, udalerriko ekonomia pizteko laguntzak aztertzen hasi behar garela uste dugu, itxialdia bukatzen denean martxan jartzeko, baina orain, egun hauetan, Hondarribiko gizarte-egituraren bizirautea bermatzeko erabakiak hartu behar dira.

Gainontzeko udal taldeekin eztabaidatzeko proposamenak dira, eta guk beste taldeenak ere aztertu nahi ditugu, eztabaida horretatik familia eta enpresen beharretara gehien egokitzen diren irtenbideak atera daitezen. Baina premiazko diru-laguntzak berehala onartzeko exijitzen dugu, gaur bertan, gaizki pasatzen ari diren hondarribiarrak daudelako, eta ezin ditugulako bazterrean utzi.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta