Ez dago inolako arrazoirik azoka ez egiteko

Hondarribiko Azoka itzultzea eskatu dugu berriro aste honetan. Martxoko azken astetik ez da egin, Hondarribiko udal gobernuak hala erabaki zuelako. Martxoaren 23an, Espainiako Osasun Ministerioak kale-salmenta galarazi eta gero, Abotsanitz Udal Taldeak azokak Jostaldira eramatea proposatu zuen. Biharamunean, ordea, ez zirela egingo erabaki zuen EAJ-k, gainontzeko udal taldeekin kontsultatu gabe.

Hondarribikoak bertan behera eta bi astera, apirilaren 8an, Eusko Jaurlaritzak merkatuak debekatu eta lehen sektoreko produktuen salmenta EAJrekin lotura zuzena duen Hazi Fundazioaren esku uztea erabaki zuen. Horrek kritika oso gogorrak eragin zituen eta, erantzunaren aurrean, hiru egun geroago jaurlaritzak atzera egin behar izan du, eta berriro baimendu ditu azokak.

Horrek ez du esan nahi nahitaez Hondarribiko Azoka bueltatuko denik. Izan ere, Hondarribiko udal gobernuak Jaurlaritzak baino lehenago erabaki baitzuen baserritarren merkatuak bertan behera uztea.

Horregatik, azokak ez egiteko inolako arrazoirik ez dagoelako, Abotsanitz Udal Taldeak berriro eskatu du bertako baserritarren produktuen merkatua antolatzeko, gainontzeko saltokiei exijitzen zaizkien gutxieneko osasun eta higiene neurriak hartuta.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta