Jostaldi oso leku ona da azokarako

Alarma egoera indarrean den bitartean baserritarren azoka Jostaldi pilotalekuan egiteko eskatu du Abotsanitzek. Biolurrek eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) proposaturiko segurtasun eta higiene neurriak ezarrita egin beharko litzateke, eta Hondarribiko Udalaren Ingurumen departamentuak antolatuta, Udaltzaingoaren edota Guztion Artean boluntario sarearen laguntzarekin.

Bozeramaileen batzordean egin dugu proposamena, eta gaia arloko teknikarien eta baserritarren artean aztertuko dutela esan digute. Abotsanitz kezkatuta dago koronabirusaren eraginez asteazken eta larunbatetako salmentak bertan behera geratu dielako. Izan ere, herriko ekoizleen diru-iturrien zati handi bat bertatik ateratzen da, eta gainera, produktuak ez merkaturatzeak, ekoizpenaren usteltzea ekarriko luke.

Bizi dugun egoera berezian ere onura suposatuko luke azoka egiteak, beste salmenta gune bat izateak pilaketak arintzeko balioko lukeelako. Eusko Jaurlaritzak berak, ekonomia jarduera oro ez etetea defendatu du, eta argi dago ekoizpen txikiko nekazaritzak beharreko segurtasun neurriak bermatzen dituela.

Joan den ostiralean, Espainiako Osasun Ministerioak kale salmenta debekatu zuen dekretuz. Hori kontuan izanik, Hondarribiko baserritarren azoka Jostaldi pilotalekuan egitea proposatzen dugu. Osasun krisia dela-eta kirol jarduera etenda dagoenez, Jostaldi leku ezin aproposagoa da merkatua egiteko. Behin baino gehiagoetan erabili izan da kirol arlokoak ez diren jarduerak burutzeko (azokak, hauteskundeak, dantzaldiak, herri olinpiadetako parodia…) eta, zentzu horretan, bere balio aniztasuna bermatuta dago.

Halaber, koronabirusari aurre egiteko neurriak ezartzea ez da zaila Jostaldin. Zabala da, eta horrek beharrezko neurriak hartzea errazten du. Eta hainbat sarbide dituenez, sarrera eta irteera leku desberdinetatik egitea baimentzen du.

Honako neurriak hartzea proposatzen dugu.

  1. Azokako postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea. Gainera, lurrean zintak jarriko lirateke, bezeroen artean eta bezero eta eroslearen artean gutxienez 1,5 metroko tartea zaintzeko. 
  2. Baserritar bakoitzak bi mahai jarriko ditu, bat produktuentzako eta beste bat txikiagoa pisua, diru-kutxa, poltsak eta desinfektatzailea jartzeko. Mahaiak plastikoekin babestuko dira.
  3. Baserritarrek eskularru egokiak erabiliko dituzte, eta erosketa bakoitzaren ondoren desinfektatuko dituzte, dendetan eta supermerkatuetan egiten ari diren bezala.
  4. 65 urtetik gorako erosleek ezingo dute erosketa zuzenean egin, Guztion Artean sareko boluntarioen bitartez baizik.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta