Azoka egin daiteke, neurriak hartuta

Abotsanitz Udal Taldeak koronabirusak eragindako alarma egoeran ere baserritarren azoka egitea proposatuko du hurrengo bozeramaileen bileran. Horretarako, janari-denda eta supermerkatuetan hartu diren babes eta higiene neurrien antzerakoak edo handiagoak hartzea proposatuko du. Neurri horietako bi izango lirateke estalperik gabekoa izatea eta baserritar bakoitzak bere postua jarri eta kentzea, zeina plastikoz babestuko den.

Neurri egokiak hartuz gero azoka egin daitekeela uste dugu. Ez dauka zentzurik herriko denda eta supermerkatuetan nekazaritza produktuak saltzea, eta gure baserritarrek egin ahal ez izatea. Herritarrak ongi ari dira osasun krisiak eragindako murrizketen aurrean erantzuten, eta hori nahiko bermea da merkatua burutu ahal izateko.

Proposamena astelehenean aurkeztuko dugu eta, hortaz, asteazkenerako azoka burutzeko aukera egongo litzateke. Eztabaidarako proposamena izango da, eta beste udal taldeek ekarpenak egitea gustatuko litzaiguke, denon artean formularik egokiena adostu dezagun.

Abotsanitzen ustez, Udalak antolatu beharko luke azoka, Ingurumen departamentuaren edota Udaltzaingoaren bitartez. Gainera, Guztion Artean elkartasun sarearen sorrera oso interesantea iruditzen zaigu, bai antolatzen bai nagusien erosketak egiten lagundu dezaketelako.

Dendetan eta supermerkatuetan bezala, babes eta garbiketa neurriak zaintzea ezinbestekoa litzateke. Horretarako, honakoa proposatzen dugu:

  1. Azokaren eremua hesiekin ixtea, eta postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea. Gainera, lurrean zintak jarriko lirateke, bezeroen artean eta bezero eta eroslearen artean gutxienez 1,5 metroko tartea zaintzeko. 
  2. Baserritar bakoitzak bi mahai jarriko ditu, bat produktuentzako eta beste bat txikiagoa pisua, diru-kutxa, poltsak eta desinfektatzailea jartzeko. Mahaiak plastikoekin babestuko dira.
  3. Baserritarrek eskularru egokiak erabiliko dituzte, eta erosketa bakoitzaren ondoren desinfektatuko dituzte, dendetan eta supermerkatuetan egiten ari diren bezala.
  4. 65 urtetik gorakoek hesien kanpoan geratu beharko dute, eta Guztion Artean sareko boluntarioak arduratuko dira haien erosketak egiteaz.

Etorkizunera begira, estalia

Azaroko udal aurrekontuen eztabaidan Abotsanitz Udal Taldeak baserritarrentzako gune babestu baterako aukera desberdinak aztertzea eskatu zuen. Oposizioko beste bi taldeen aldeko botoa jaso zuen arren, EAJk atzera bota zuen, gehiengo absolutua baliatuz.

Neguan zehar hainbat egunez udal gobernuak azokako postuak ez muntatzea erabaki zuen, haizeteak iragarrita zeudelako, ekoizleei kalte ekonomiko handia eraginez. Baina haizerik ez dagoenean ere, saltzaileek eta erosleek pairatu behar dituzten baldintzak ez dira duinak. Ia hamar urte igaro dira baserritarren azoka egiten hasi zirenetik eta hastapenetako behin-behinekotasun baldintza beretan dirau.

Hondarribiko azokak egitura egokia behar du, kokapen egokia eta erabilera egokiak izango dituena. Horretarako, premiazkoa da baserritarrek eta udal taldeek lanketa serioa egitea, lanketa horretan beste herrietako zenbait eredu gertutik ezagutzea, eta hirigintza eta arkitekturan adituak diren pertsonen iritziak jasotzea.

Hondarribiak azoka duina merezi du, baserritarrentzat eta herriarentzat. Azokarentzat diseinatua, baina balio anitzekoa, prozesuan zehaztuko liratekeen beste ekintza batzuk ere burutzeko balioko duena.