Teknikari eta departamentu propiorik gabe, Berdintasun Plana ez da eraginkorra izango

Oposizioko hiru taldeen ohar bateratua, Berdintasun Planaz

Hondarribiko oposizioko hiru udal taldeok (Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu) abstenitu egin ginen atzoko osoko bilkura barruko Berdintasun Planareren bozketan. Urtetan eskatu dugu Berdintasun Plan bat Hondarribirako, eta horregatik ezin genuen kontra bozkatu, oso garrantzitsua delako berdintasun politikak ezartzeko balioko duen dokumentu bat edukitzea. Baina, era berean, ezin genuen alde egin, ziur gaudelako berdintasun teknikaririk gabe eta departamentu propiorik gabe, Hondarribiko gizon eta emakumeen arteko I. Berdintasun Plana ez dela eraginkorra izango.

Eskakizun hauek ez dira udal oposizioko taldeenak bakarrik. Udal gobernuak aurkeztutako zirriborroa hobetzeko ekarpenak egin dituzten eragileen eskakizuna ere izan da. Are gehiago, zirriborroa aztertuta Emakundek helarazitako txostenean elementu horiek plana egikaritzeko beharrezkotzat jotzen ditu erakundeak. 2005. urtean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak aurrenekoz Berdintasunaren Euskal Legea. Dagoeneko sei hobekuntza izan ditu. Hondarribiak 15 urte behar izan ditu legeak behartzen dion Berdintasun Plana onartzeko. Eta aukera galdu dugu.

Udal gobernua ezik, prozesuan parte hartu dugun eragile guztiok aldarrikatu dugu berdintasun teknikariaren eta berdintasun departamentu propioaren beharra. Emakunde bera ere bat dator eskaera horrekin, eta Emakunde da legea garatzeko Eusko Jaurlaritzaren bermea duen erakundea.

Udal gobernuak korrika eta presaka onartu nahi zuen, martxoaren 8aren aurretik, eragileei aurkeztu gabe. Oposizioak behartuta, plana eragileei aurkezteko bilera bat deitu behar izan zuen udal gobernuak. Baina bilera hartan esan zirenak ez ditu jaso. Bilera hartan argi eta garbi esan zitzaion EAJri ezinbestekoa direla berdintasun teknikaria eta departamentu propioa. Eskakizun horiek ez dira dokumentuan jaso, eta guk, Hondarribiko gehiengoa ordezkatzen dugun oposizioko alderdiok ezin dugu berdintasun politikak burutzeko konpromezurik jasotzen ez duen dokumentu baten alde bozkatu. Kontra ezta, herriak behar duelako. Pena da, berdintasun plana aho batez onartzeko aukera galdu dugulako.

Estitxu Urtizberea (Abotsanitz), Xabier Isasi (EH Bildu) eta Josu Alvarez (PSE)
Estitxu Urtizberea (Abotsanitz), Xabier Isasi (EH Bildu) eta Iosu Alvarez (PSE)

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta