Egiluz jauregiko sugarra itzali dute, indarrez

Hondarribiko Gaztetxea, Egiluz jauregia desalojatu dute gaur goizean. Indarrez, nola bestela. Joan den urteko Ostiral Santuan okupatu zuten, pizteko. Elizarena da eraikina eta zabortegi bezala erabiltzen zuen, herriko ondare den arren, eraikin babestua den arren. Gazteek okupatu, garbitu, hobetu, eta piztu egin zuten Egiluz jauregia.

Irekita egon den bitartean dozenaka ekintza burutu dituzte bertan: hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak, tailerrak, proiekzioak, selektibitateko azterketak prestatzeko klaseak, bilerak… Laburra izan da, hamar hilabete eta erdi baino ez, baina izugarri ederra.

Udal gobernuak gazteentzako eskaintzarik ez duelako ere sartu ziren bertan, eta bertatik joateko gonbidatzea izan da udal gobernuak eskaini dien aukera. Beti bezala boteretsuaren alde jarri da EAJ, agintearen alde, elizaren alde, ondarea zabortegi gisa erabiltzen zuen arren.

Eskatu ziotenean, elizaren eta gazteen artean bitartekari izateko prest agertu omen zen Txomin Sagarzazu alkatea. Nor eta dekretu-kolpez gobernatzen baino ez dakien alkatea! Hitz egiteko prest agertu dira gazteak, eta poliziak bidali dizkiete. Eta gaztetxea desalojatu dute, Egiluz jauregia hustu. Poliziak atea bota eta gazteak aterarazi dituzten unean bertan itzali da 2019ko apirilaren 19tik piztuta zirauen sugarra.

Ez dakigu aurrerantzean zer gertatuko den. Ez dakigu gazteek zer duten buruan, laster ikusiko dugu seguru. Baina, izan duten kemena, erakutsi duten ausardia, eta hamar hilabetez egin duten bidea ikusita, etorkizun laburrean Hondarribia herri hobea izango dela argi dugu. Etorkizuna gazteena delako.

Egiluz herriarena
Gaztetxearen aldeko elkarretaratzea Gipuzkoa plazan

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta