Errepidea mozteko baimena eman eta bi hilabetera bide alternatiboa ez dela segurua erabaki du udal arkitektoak
Albisteak oso ondo adierazten du Zaldunbordako lanen gaineko aurreikuspen eta kontrol falta. Abenduaren 19an alkateak baimena eman zion Higertokiri Zaldunbordako errepidea ixteko, makrooutletaren oinarri izango den lur zoru kutsatuaren zigilatze lanak burutzeko. Baimenean, bide alternatibo gisa Higertoki enpresak berak proposaturiko bidea onartzen da, udal arkitektoaren onespenarekin.
Egun batzuetara auzotar batek idatzia aurkeztu zuen udalean, bide alternatibo hori egoera oso txarrean zegoela adieraziz. Idatzia eskuetan, udal teknikariak bidea ikuskatzera joan ziren eta bizilagunak salatu bezala, aukera hori ez dela segurua ohartarazi zuten.
Hala, alkateak atzera egin behar izan du. Bidea itxi aurretik, bide alternatiboa egokitu beharko duela adierazi dio enpresari otsailaren 20ko dekretuaren bidez. Besteak beste, anbulantziek eta suhiltzaileek erabili ahal izateko, egokitu beharko dute bidea, Zaldunbordako errepidea itxi aurretik.
Gaur goizean egindako argazkietan ikusten denez, anbulantzia edota suhiltzaileentzat ez ezik, auzotarrentzat ere oso bide arriskutsua da. Nola liteke bide hori ontzat ematea? Ez al zen bisita teknikorik egin baimena eman aurretik? Eta, zer gertatuko litzateke auzotar horrek idatzia aurkeztu izan ez balu? Beldurgarria da Zaldunbordan udalak duen kontrol falta.