Abotsanitz Udal Taldeak Santa Engrazia inguruan zenbait hobekuntza egiteko eskaera erregistratu zuen atzo Hirigintza udal departamentuan. Uste dugu auzotarrek beraiek erabaki behar dutela zer nolako ingurua nahi duten, eta horren alde egingo dugu, parte hartze prozesu bat aldarrikatuz.
Bitartean, bi hobekuntza txiki baina garrantzitsu egiteko eskatu dugu Hirigintzan.
Batetik, Santa Engrazia ermita pareko aparkatzeko lekua ezabatzea, leku bakar hori, eraikina ikustea eragozten duen lekua.
Eta bestetik, iturria berreskuratzea eskatu dugu. Bazen iturri bat bertan, bai auzotarrek, bai Done Jakue bideko erromesek, asko erabiltzen zutena. Iturri hori berriro bere tokira itzultzeko eskatu dugu.