Informazio eskubidearen defentsan, berriro ere

Abotsanitz Udal Taldeak informazio eskubidea gauzatzeko eskaera egin du gaur goizean BAZ bulegoan. Oraindik ere, zailtasun handiak ditugu udalkide lanean behar dugun informazioa jasotzeko, departamentuz departamentu ibili behar baitugu espedienteen bila eta eskean.

2019ko urriaren 25ean informazio eskubideen inguruko mozioa aurkeztu genuen. Hil horren 30ean eztabaidatu zen osoko bilkuran, eta Udalbatzak aho batez onartu zuen, alderdi guztien aldeko botoekin. Udalak erabiltzen dituen tresna informatiboak udalkideoi eskura jartzea eta horien erabileran formakuntza eskaintzea, bi puntu horiek onartu genituen.

Hiru hilabete pasa dira geroztik eta ez dugu inolako berririk eduki. Horregatik, berriro egin dugu eskaera. Batetik, Sareko eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearen (IZFE) udal espedienteen irismena ahalbidetzea eta, bestetik, tresna hau erabiltzeko beharrezkoa dugun formazioa gauzatzea eskatu dugu gaur, beste behin.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta